"Kalte dagianak bizarra lepoan" leloko udalerriko armarria goian izan dutela, Nagore eta Gorka ekimeneko partaideek adierazi dute LZPrekin "gure sustraiak apurtu nahi dituztela". Horregatik, Andra Mari elizpean eman dute prentsaurrekoa, bertan inguruko auzokideak lurperatzen zituztela, mendeak dituen paretan familien izenak (gehienetan baserriko izen berberak) agertzen direlako, "gure sustraiak hemen daudelako".
"Getxoko gazteok, LZPri ez" manifestua
Testu honetan atxikituta gauden Getxoko gazte erakunde, kolektibo, lagun-kuadrila, eta abarrek zera adierazi nahi dugu:
Ez dugu onartuko LZP proiektu txikitzaile hau, gazteon etxebizitza beharraren aitzakiarekin aurrera eramatea. Instituzioen, politikoen, komunikabideen… adierazpenen bidez gurekin egiten ari diren erabilpen mediatikoa salatu nahi dugu.
Gazteon etxebizitza arazoa ez da konponduko LZP bezalako proiektuekin. Pairatzen dugun prekarietate laboralarekin ezinezkoa da merkatuko prezioei aurre egitea. Gainera, prezio eskuragaitz hauek ez datoz denon interes sozialen aldeko jarrerekin, baizik eta banketxe, konstruktora, inmobiliaria, udaletxe, politikari eta gutxi batzuen interes ekonomiko eta espekulatiboen eskutik.
Etxebide da gaur egun Eusko Jaurlaritzak planteatzen duen proiektu "sozial" bakarra etxebizitzaren arazoaren aurrean. Ez dugu uste gazteon beharrak ase ditzakeenik, etxebizitza eskubide bat izanik nola da posible zozketa baten menpe egotea? Gainera, zerrendatan sartzeko ezarrita dauden baldintzak gazteriaren gehiengoarentzat eskuragaitzak dira.
Gure ustez, etxebizitzaren arazoa konpontzeko ez dugu behar LZP bezalako proiekturik. Badaude era zehatz eta praktikoan burutu daitezken alternatibak. Hasteko, Getxon dauden 3.799 etxebizitza hutsen erabilera. Jarraitzeko, alokairu publikoaren garatzea. Hurrengoa, alokailuaren prezioak mugatzea, interes pribatuei mugak ezarriz eta norberaren diru sarreren araberako muga izanez. Eta bukatzeko, etxebizitzaren gestio soziala, kudeaketa publikoa izatea alegia.
PNV-EA eta Ezker Batuak behar izana negozio eta interes elektoralista bihurtu dute, hauteskundeen hurbiltasuna aprobetxatuz.
Proiektu basati honek ez du inolaz ere amalurrarekiko errespeturik, Getxon geratzen diren berdegune urriekiko eraso zuzena baita. Gazte bezala, ez dugu nahi gure berdegune eta herri nortasuna zementuak estaltzerik. Adibide kezkagarri gisa Galdaretxeko obrak, hauetan inongo ingurugiro-ikerketarik gabe, herri-borondatearen kontra eta herriari eta ingurugiroari itzelezko kaltea eraginez jardun dira. Oraingoan, berriz, Getxoko historiaren adierazgarri diren baserriak, nekazal-eremuak eta gure ohituren islada diren txoko esanguratsuak golpe batez desagertarazi nahi dituzte, honek ekarriko dituen bizi-ohitura eta antolamendu sozialaren apurketarekin.
Gaur egun, herriaren erabakitze ahalmena gainbeheran dago. Zuzenean eragingo diguten erabakiak gure eskuetatik kanpo geratzen dira eta interes partidistak izaten dira nagusi. Gure ustetan, holako makroproiektuetan herriak hartu behar du parte. Honetarako, hasieratik hartu behar dira kontutan herritarrak, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu azkeneko proiektua babesteko herri galdeketa.
PNV-EAk hartu duen jarrera txikitzailea, inposatzailea eta espekulatzailea salatu nahi dugu. Interes ekonomikoak eta partidistak bultzatuta herria suntsitzen ari da, Ezker Batua talde sasi-ezkertiarraren babesaz.
Getxoko gazteok, herri honen kontra burutzen ari diren proiektu txikitzaile guztiak gelditzea eskatzen dugu. Gure etorkizunaren jabe izan nahi dugulako eta herria maite dugulako LZP proiektuari ez!!!
Honengatik, herriko gazte talde, kuadrila, kolektibo, erakunde, elkarte, eta abarrei bi konpromezu eskatzen dizuegu:
1- Testu honekiko atxikimendua.
2- Hau guztia salatzeko _______________ egunean egingo den prentsaurrekoan parte hartzea.