Algortako Portu Zaharreko orubean egin nahi duten talasoterapia zentroaren "bideragarritasuna" aztertzeko, lehiaketa publikoa deitu du Getxoko Udalak. "Negozio horrek izango dituen gastu eta diru-sarrerak ezagutzea da asmoa, zentroa altxatu eta ustiatuko duen enpresari kobratu beharreko kanona zehaztu ahal izateko", Iñaki Zarraoa alkateak adierazitakoaren arabera. Besteak beste, Punta Begoñako hotelaren eraikuntza lanak emateko orduan gertatutakoak bezalako "akatsak" saihestea da udal arduradunen helburua: egitasmo horretan "kanon oso altua ezarri genuen eta hutsik gelditu zen lehiaketa, hasiera batean", Zarraoaren hitzetan. Azkenik, martxoaren 30eko udalbatzarrean eman zizkioten Barceló kateari Arriluze aurreko galerietako hotela eraiki eta ustiatzeko lanak. Portu Zaharreko orubea ekipamendu publikoetarako izatetik pribatuetarako izendatzea "behin betiko onartu arteko denbora aprobetxatu" nahi du Udalak, talasoterapia zentroaren gaineko ikerlana egin eta diru-sarreren araberako kanona ezartzeko. Argazkian, Portu Zaharreko orubea.
Urtebete lehenago erabakitakoaren aurka, aurkeztutako 1.200 alegazioak atzera bota eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) egindako aldaketa zehatza behin-behinekoz onartzea erabaki zuten, 2006ko abenduaren 22ko udalbatzarrean, EAJk, EAk eta EB-Berdeek, Algortako Portu Zaharreko orubea ekipamendu publikoetarako izatetik pribatuetarako izendatuz. Iñaki Urkiza Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako zinegotziak (EBkoa berau), berriz, abenduaren 2ko hausnarketa kolektiboan, Itsas Ganen esandakoari eutsi zion: "oraingoz talasoterapia dugu bakarrik paperetan, baina beste edozer izan liteke, proposamenak egonez gero", adierazi zuenez. Oraingoan, ordea, badirudi proiektua aurrera doala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.