Izen-ematea zabalik dute udan saharar umeak hartu nahi dituzten familia getxoztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko api. 12a, 11:51

Tindouf-eko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamentuetatik umeak ekarriko ditu aurten ere Sahararen aldeko Atfal elkarteak, uda Getxo udalerrian igaro dezaten. "Maiatzaren 10erako jakin nahiko genuke zenbat familia egongo liratekeen prest neska edo mutil saharar bat euren etxean edukitzeko uztaila eta abuztua bitartean", adierazi dute gobernuz kanpoko erakundeko kideek. "Oporrak Bakean izeneko kanpainaren barruan, 12 eta 15 ume artean ekarri nahi ditugu aurten. Gurean dauden bitartean, elikadura osasuntsu bat izateko, bizimodu desberdinak ezagutzeko eta basamortuan egiten duen bero itzeletik ihes egiteko aukera eskaintzen diegu", azaldu dute. Osakidetzak osasun azterketa bat egiten die eta herriko hainbat haginlari eta optikariek ere beste horrenbeste egingo dute aurten. Argazkian, iaz etorritako umeak, txango batean.

Ekintza hau Getxoko Udala eta Atfalen arteko lankidetza hitzarmenaren bitartez egin ohi da. Antolakuntza elkartearen eskuetan gelditzen da, tokiko erakundeak dirua ematen duen bitartean. Atfalek zenbait ekintza antolatzen ditu udan zehar, ibilalditxoak, irteerak, elkarguneak eta abar. Familiek, bestalde, begirale baten laguntza izaten dute edozein arazo konpontzeko, baita itzultzaile batena ere, hizkuntzarekin arazorik balego.

Familiek informazio gehiago nahi izanez gero, 658 751 359 (Atfal) edo 944 660 017 (Getxoko Udala) telefono zenbakietara deitu behar dute edota e-postaz idatzi: atfalgetxo(a bildua)gmail.com.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun