Joana Nuñez "Pitu" euskal preso politikoa askatu eta Portbouko mugan utzi zuen atzo Frantziako Estatuak. Goizez atera zuten espetxetik Algortan hainbat urtez lan egin duen Nuñez 29 urteko gazte bilbotarra, eta helikopteroz aerodromo batera eraman zuten gendarmeek. Ondoren, Portbouko mugan utzi zuten eta bertan Espainiako Poliziak "erretenitu" izan zuen. Askatasunak jakinarazi duenez, "Nuñez identifikatu egin zuten eta, zituen dokumentu guztien kopiak egin ondoren, libre utzi zuten". Portboun zain zituen senideekin Euskal Herrira bueltatu zen "Pitu". Errepresioaren aurkako erakundeak salatu du "beste behin ere" Frantziako Gobernuak izandako jokabidea, "tortura eguneroko jardun duten polizien esku uzten dituelako euskal herritarrak". Nuñez 2002ko abenduaren 19an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Arcachonen, ETAko kidea izatea leporatuta, eta Fleury, Fresnes eta Joux La Villeko espetxeetan izan da preso. Bilboko Zazpi Kaleetako auzokideek hasieran larunbatean izango zela iragarri arren, datorren ostiralean, apirilaren 20an, egingo diote ongi etorria Joanari, arratsaldeko 7:30ean Zamudioko Atean (Goienkale / Somera kaleko sarreran) eta ondoren herri afaria egingo dute Errondabide kultur elkartean. Bestalde, gaur Oreretako Gorka Lazkano presoa askatu dute Salamancako Topas espetxetik.