Baina, Txorimalo gaztetxearen urteurrena ez da mugatu kontzertu batera, baizik eta asteartetik abiatu ziren gazteen prestaketa lanak zein Getxoko Udalaren saiakerak urteurrena burutu ez zedin. Asteartean gauean Udalarentzat lan egiten duen Asmo Tour enpresako beharginak aritu ziren Txorimalo inguruan farolak amatatzen, “antza gaztetxeak argia nondik hartzen ote duen jakiteko eta deskonektatzeko”, AGAko kideen aburuz. Enbalde, baina, “generadorearekin baikeunden”. Dena dela, gazte batzuk haiengana hurbildu ziren zer ari ziren egiten galdetzeko, “baina ez zuten kontzientzia oso garbi izan behar, arrapaladan jon zirelako eta gazte bat ia harrapatu zuten autoarekin, gainera bidegorritik joan ziren”.
Algaraka Las Fellini taldearekin
Asteazkenean, urteurreneko lehenengo eguna ere ez zen oso ondo hasi, txakur bat oilotegian sartu eta oilo bat akatu baitzuen. Baina, hasiera hori kenduta dena atera zen aurreikusi bezala, hori bai dena ordu bat beranduago. Horrela, 20:00etan, urteurreneko megafonia kuñarekin hasi eta gero, poza eta tristura, harrotasuna eta grina biltzen zituen komunikatua irakurri eta aurreskua dantzatu zioten Txorimalo gaztetxeari. Ondoren, 60 bat pertsonen aurrean, Itsaso Paya eta Galder Bilbao “Txapi” bertsolariek, hurrenez hurren, “hau lehen urtea baino ez da / etor daitela gehiago” eta “pausorik pauso guk nahi duguna / lortu dezakegulako” erronka bota zieten AGAkoei. Hitzen ostea polboraren txanda izan zen, traka baten bidez. Geroago, luntxa izan zen, eta jateko, edateko zein gaztetxean bertan landatutako marihuana erretzeko prest eskaini zuten Txorimalokoek. Ondoren, eta Las Fellini-k bere espektakulua antolatu arte, bakoitzak bere erara eman zuen astia, batzuk igelara jolasten eta beste batzuk Nagore Gore, Nenita Danger eta Jeixy Espaguettirekin batera argazkiak ateratzen. Gaua bukatzeko, hiru transformistek ironia eta umore handiko zein konplexu gutziko espektakulua eman zuten 120 neska-mutilen aurrean eta algara artean. Haiek ere erronka egin zieten gaztetxekoei, datorren urtean zutunik jarraiztekotan bueltan izango zirela.
Ostegunean, “Uribe Kostako gaztetxeen egoera aztergai” hitzaldia bertan behera utzi behar izan zuten bai Leioako eta SUGAko kideen hutsunea dela eta baita iragarrita zegoen euriari aurre egin nahian Txorimalo gaztetxeko patioan karpa jartzeko lanengatik. Ondoren, hainbat laburmetraje proiektatu zituzten zinemazaleen gozamenerako.
Zazpi urte
Ostiralean izan behar zen egunik guaitoena, arratsaldeko 5etatik aurrera hainbat jarduera egingo zirela Algortako Txiki eta Otaegi (San Nikolas) plazan, baina karparen toldoa askatu zenez, prestaketa lanek ez zuten utzi “Kalea gurea da!” ekimena burutzen. 20:15ak aldera, 100 bat pertsona abiatu zen hankapaluek, trikitilariek, pandero-joleek eta tinbaleroek alaitutako “manifestajaian”. Getxoko probalekuaren aurrean bukatu zen ibilbidearen zehar, martxistek EAJ, Iñaki Zarraoa alkatea, LZP, higiezin enpresak, banketxeak eta “marbellizazioaren” aurkako leloak ohiukatu zituzten eta okupazioa, Amalurra eta Getxoko auzokideen alde egin zuten. Era berean, Telletxe kaletik igarotzean, euskal presoen aldeko enkarteladarekin topo egin zuten eta “euskal presoak, Txorimalora!” oihua nagusitu zen. Kontzentrazioan zeuden 60 bat pertsonek, berriz, txaloekin eta “Txorimalo, aurera!” leloarekin erantzun zuten. Getxoko probalekuaren ikurrinapean Sastraka gaztetxearen atea ireki zenetik orain arte zazpi urte igaro direla gogoratu zuten AGAko kideek eta urte horietan jasotako errepresioa eta emandako aurrerapausuak gogora ekarri zituzten. Azkenik, “zorionak” abestu zioten Txorimalo gaztetxeari. Gaua amaitzeko, luntxa eta Algorta eta Getxoko hainbat musikarien eskutik erritmo bizikjo folklore emanaldia izan zen, euskal kantak, Galizia, Asturias, Italia ala Bretainiakoekin uztartuz eta danztarako bidea emanez.
Larunbatean goiz hasi ziren gazteek eta graffiti erakusketaren ostean 50 bat lagun parte hartu zuten tortila txapelketan. Askoz gehiago izan ziren, baina, mahaia jarrita hurbildu zirenak, guztira 150 bat, herri bazkarian parte hartzeko prest. Beste asko eta asko etxetik jarraitu zuen urteurrena, Koska irratiak egindako irratsaio bereziari esker. Giro ezin hobean, Txorimalok jendea irabazten aritu zen ehunaka gaztez leporaino bete arte.