Euskal Herriko eta nazioarteko preso politikoen amnistia exijitu dute unibertsitatean

Presoen Aldeko Taldeek (PAT) deituta, atzo, apirilak 17, mobilizazio eta jarduera desberdinak egin ziren fakultate eta eskola unibertsitario anitzetan Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren harira. Unibertsitatea Euskal Herriko eta nazioarteko preso politikoen aldeko pankarta, kartel eta abarrez betetzeaz gain, mobilizazio hauen bidez, "gure herriak bizi duen gatazka politikotik eratorritako errepresaliatu politikoen amnistia osoa" aldarrikatu zen "gatazka konpontzeko ezinbestekoa den autodeterminazio eskubidearen onarpena ere exijituz", PATek adierazi duenez. Besteak beste, San Mameseko Ingeniaritza Eskolan, Magisteritzan (Enekuri) eta Deustuan 15na lagun elkartu ziren eta beste 10 Casillan. Zenbait ikaslek Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren argazkiak apurtu egin zituztela ere salatu dute. Argazkian, otsaileko azken asteazkeneko manifestazioa Leioako campusean. Bertoko ikasle diren Miren Azkarate eta Asier Otxoaren askatasuna aldarrikatu zuten orduan.

PATen oharra:

Gora munduko preso politikoak!

200/an gaude eta oraindik ere preso politikoak ditugu munduan. Palestina, Euskal Herria, Kolonbia, Europako gotorlekua, Amerikako Estatu Batuak, Kubako herriari kendutako Guantanamoko lurraldea... Munduan zehar borrokatzeagatik preso dauden milaka emakume eta gizonek borroka eta konpromisoaren bidea erakusten digute kartzeletatik.

Gatazka sozialak, politikoak, nazio menperatuak, diruaren logika menperatzailea, akumulazioa, espekulazioa, azpiraketa, suntsiketa... Horiexek daude munduan milioika gizaki borrokara eramaten dituzten auzien jatorrian. Kapitalismoaren logika nagusi ez den mundu baten alde borrokatzera eraman dituzte. Gaur egun mundua osatzen duten milaka herriren aniztasunak iraun dezan borrokatzera.

2007ko apirilaren 17 honetan Europa nabarmendu behar dugu. Europak preso ugari ditu oraindik ere, Frantziak eta Espainiak batez ere. Ehunaka euskal preso politiko gaituzte Espainia eta Frantziako geografia osoan zehar sakabanatuta, baina baita makina burkide komunista, korsiar, galiziar, kataluniar eta bretoi ere. Italian gero eta gehiago ari dira mugimendu antagonistak jazartzen, eta Sardiniako mugimendu independentista zapaltzen ari dira. Alemanian preso politikoen espetxealdia luzatzeko eztabaidak zabaltzen ari dira. Herri guztietan hasi dira berriro kapitalaren Europaren aurka diharduten sindikalistak, langileak kartzelaratzen.

Belmarsheko espetxeak, Frantzia, Espainia, Belgika eta Alemaniako isolamenduko espetxeek argi eta garbi erakusten digute Estatuek beraien aurka borrokatzen dutenei ordainarazi nahi dieten prezio latza.

Inperioaren bost presoak ere gogora ekarri behar ditugu, AEBek Kubaren kontra diharduten terrorismoari aurre egiteagatik preso direnak; gogora ekarri behar ditugu Puerto Ricoko presoak; Leonard Peltier eta Mummia Abbu Jamal; gogoratu Simon Trinidad eta Sonia, AEBetan dauden preso kolonbiarrak; Peruko preso politikoak; maputxeak; Albaro Uriberen gobernu genozidak preso dituen kolonbiarrak; Palestinako preso politikoak, Ekialde Hurbileko herrietan sinoista eta inperialisten harrapaketaren aurkako borrokan lehen lerroan daudenak; Irakeko herri kementsua, eraso inperialistari aurre egiten diharduena. Turkiako presoak, bakartze moduluen aurka borrokan jarraitzen dutenak.

Izan ere, beti horrela izan da. Borrokatzeak bere ordaina izan du beti, eta horixe da suntsipeneko mundu kapitalista hau aldatu eta beste mundu desberdin bat sortzeko borrokatzen dugun burkideok ordaintzeko gerturik daukagun prezioa.

Horregatik, hain zuzen ere, apirilaren 17 honetan preso politikoaren estatusa aldarrikatu nahi dugu kapitalaren morroi besterik ez diren epaileek ezarritako zigorrak betetzen ari garen burkide guztientzat. Baldintza demokratikoak aldarrikatu nahi ditugu borrokan ari diren gure herrientzat, behartsuek eta zapalduek zapaltzaileak dituen antzeko borroka tresnak izan ditzaten.

Egun honen inguruan elkarretaratzeak, manifestazioak eta errebindikazio-ekintza mota guztiak egitera animatu nahi zaituztegu, egun hau borroka eguna izan dadin, tokiko borrokan oinarritua baina egun berezi honen nazioarteko erreferentzia erantsirik, borrokan bakarrik ez gaudelako.

Besarkada irmo bana lau horma tartean, alanbrezko murruen tartean bizi diren gizon eta emakume horiei guztiei. Besarkada solidario handi bana eta kanpotik beraien borrokaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa.

Presoen Aurkako Taldeak (PAT)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun