Bandera urdina eskatu dute Arrigunaga hondartzarako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko api. 18a, 11:45

Getxoko Udalak bandera urdina eskatu du Arrigunaga hondartzarako, aurtengo bainu denboraldiari begira, Fernando Burzako Ingurumen zinegotziak aurreratutakoaren arabera. Udal arduradunaren hitzetan, "2006an udalerriko hondartzarik garrantzitsuenak, Ereagak, lehenengoz bandera urdina lortu ondoren, Arrigunagak aukera ugari ditu saria lortzeko. Beraz, udalerriko hiru hondartzek eduki lezakete bandera urdina, Azkorri-Gorrondatxekoak duela urte batzuetatik hona lortzen ari dena aurten ere eskuratzea espero baita". Gainera, bandera urdina turistentzako erakargarria dela uste du Burzakok. “Europako, Marokoko, Hego Afrikako Errepublikako, Kanadako, New Zelandeko eta Karibeko 36 herrialdetako 3.200 hondartzetan eta portutan dago bandera urdina eta horren ganeko informazioak turistak erakartzen ditu”, azaldu du. Argazkian, Iñaki Zarraoa alkatea eta Burzako, 2005ean Azkorri-Gorrondatxek bandera urdina jaso zuenean.

"Arrigunagak Europak eskatzen dituen ingurumen eta azpiegitura baldintza guztiak betetzen ditu, besteak beste, salbamenduari, sorosleei, lehen laguntzei, ingurumeneko informazio eta hezkuntzari, irisgarritasunari, itsasertzearen kudeaketa jasangarriari, hiriko ur zikinen kudeaketari, mugikortasunari eta garraiobide jasangarriei lotuta daudenak”, zehaztu du Burzakok.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun