Urdulizko Udalak herriko lehengo irudiak jasoko dituen liburua egingo du. Hori dela eta, urduliztarrei ekimen interesgarri honetan parte hartzeko deialdia egin die, eurek dituzten erretratu zaharrak denbora labur batez utziz, liburua argitaratu ahal izateko. Argitalpen horrek XIX. mendearen amaieran hasi eta 80ko hamarkadara bitarteko argazkiak batu nahi ditu. Irudiok koadrilenak, jende taldeenak edo herriko argazki panoramikoak izan daitezke. "Modu honetan, gure herriko lehenaldia erakutsi nahi da, herritarren eta udalerriaren paisajearen eboluzioaren bitartez", diote udal arduradunek. Argazkiak udaletxera eraman beharko dira, astelehenetik ostiralera, 9:30etik 13:30era bitarteko ordutegian. Erretratuak gutunazal baten sartu behar dira, jabearen izena eta telefono zenbakiarekin batera, gero irudiok arazo barik bueltatu ahal izateko. Posible bada, argazkiekin batera, noiz egin ziren, bertan agertzen direnen izenak eta atera ziren testuinguruaren azalpena ipini behar da. Argazkiak eramateko azken eguna ekainaren 15a izango da. Argazkian, Urdulizko antzinako irudi bat.