Ekitaldien artean, ostegun honetan, apirilak 19, Atfal elkarteko kideek hitzaldia eskainiko dute, errefuxiatuen kanpamenduetan zein Getxo udalerrian aurrera eramaten ari diren zenbait egitasmori buruz. Arratsaldeko 7etatik aurrera izango da saioa Algortako kultur aretoan, Villamonten. Ordu berean, baina ostiralean, luntxa izango da Aidai kulturgunean. Horretara, besteak beste, Getxoko Udaleko ordezkariak, elkarteko kide ohiak, udan saharar haurrak euren etxeetan hartzen dituzten familiak, boluntarioak eta elkarteko bazkideak gonbidatu dituzte. Igandean, berriz, Sahararen Eguna ospatuko dute, goizeko 11:00etatik aurrera, San Nikolas plazan. Ordu horretan, Itxas Argia dantza taldeak saioa eskainiko du eta 13:00etan arabiar munduari lotutako antzezpena izango da. 14:00etan, berriz, herri bazkaria egin dute. Horretaz gain, goizean zehar, tea dastatu eta henna tailerretan eta hainbat jolasetan parte hartzeko aukera egongo da. Azkenik, 17.00etan Omargia saharar musika taldeak eskainiko du kontzertua.
Herri lasterketa
Datorren igandean, hilaren 29an, goizeko 11:00etan Sahararen aldeko II. Herri Lasterketa aterako da Ereagako hondartzatik eta, Bizkaiko Zubiraino joan ostean, hondartzara itzuliko da berriro, guztira 5.000 metroko ibilbidea eginez. Izena eman nahi dutenek 27ra arte (19:00etan) izango dute horretarako aukera, Algortako Torrene kaleko Kantxa Kirol Moda dendan edo Euskadiko Kutxako Algorta (Amesti 15-17) eta Areetako (Kale Nagusia 23) bulegoetan. 3 euro baino ez dira.