Etorkinak gizarteratzeko ikastaro eta txangoak egingo dituzte Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko api. 18a, 20:35

Eusko Jaurlaritzako Inmigrazio Zuzendaritzarekin elkarlanean, baztertuak izateko arriskuan dauden etorkinak gizarteratzeko egitasmoa antolatu dute Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak eta Getxoko Udalak. "Getxon bizi: Bizkaian bizi" lelopean, hainbat ikastaro egitea aurrikusten dute, baita hainbat txango eta topaketa ere. Apiriletik eta abendura arteko igandeetan izango dira horiak, 10:00etatik 14:00etara bitartean. “Ekitaldiek bazterketa sozialean erortzeko arriskua duten pertsonen osasunerako eskubidea bermatu nahi dute, alor fisikoan baino, sozialean eta psikologikoan”, Elena Rodriguez Munduko Medikuak GKEko bozeramaleak gaur azaldu duenez. Interesdunek 944 660 130 telefono zenbakiaren bitartez izena eman dezakete, 8:00etatik 14:30etara bitartean. Argazkian, hainbat etorkin Algortako metroko kartel parean.

Lehenengo ikastaroan udalerria ezagutu eta laguntza nola bilatu landuko dute, apirilaren 29an eta maiatzaren 6an eta 13an. Etorkinek Getxon lana topatzeko eta dauden giza, osasun eta hezkuntzako baliabideak ezagutzeko etorkinen autonomia sustatzeko izango da. Ikastaroa irailaren 9an, 16an eta 23an errepikatuko dute. Maiatzaren 27an eta ekainaren 3an eta 10ean nutrizioa eta sukaldaritzari buruzkoa egingo dute osasuna eta lan alorrean eta pertsonalean ahalmenen garapena hobetzeko. Ekainaren 1an, 8an eta 15ean ostalaritzari buruzko beste bat egingo dute. Gainontzeko bi ikastaroak edadetuak zaintzeko oinarrizko zainketei eta bertoko eta hango emakumezkoei buruzkoak (osasun sexuala , ereduak eta genero indarkeria...) izango dira. Lehena urriaren 14ean, 21ean eta 28an eta azaroaren 4ean izango da eta bigarrena azaroaren 11n, 18an eta 25ean eta abenduaren 2an.

Gainera hainbat txango aurreikusi dituzte honako toki hauetara: Zugaztieta eta Meatzaldera, maiatzaren 20an; Gasteizera, ekainaren 17an; Markina-Bolibarrera, uztailean; Donostiara, abuztuan; eta Gernikara, urriaren 7an. Egitasmoak beste bi topaketa egitea aurreikusten du, hain zuzen ere Getxo Folkean eta Olentzero egunean.

Getxoztar berriak

Iñaki Urkiza Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak gogoratu du gaurko prentsaurrekoan, “2002tik hona Getxo udalerriko biztanleen kopurua %2,8 jaitsi bada ere, Europar Batasunekoa ez diren etorkinena %1,93tik %4,58ra igo egin dela”. Gaur egun Espainiako Estatutik kanpo jaio diren getxoztarrak 4.459 dira, guztien %5,4a. Horietatik Europar Batasunekoak %0,6 dira eta %4,58 Hego Amerikatik etorri dira. Gehienak emakumezkoak dira, %60 alegia: Boliviatik (1.264), Kolonbiatik (408), Ekuadorretik (359) eta Rumaniatik (291). “Getxon erroldatutakoak dira, baina beste etorkin asko Getxora etortzen dira lan egitera”, zehaztu du Urkizak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun