Getxo eta Angeluko 270 kirolari inguruk hartuko du parte larunbat honetan, apirilak 21, gurean, bi herrien arteko anaitasun jardunaldiaren barruan antolatutako kirol lehiaketetan. Herri bizkaitarrak eta lapurtarrak 2003an sinatutako adiskidetasun hitzarmenaren harira dator ekimen hau, eta bere helburu nagusia da, oraingoan, kirolaren bitartez, bi herrietako bizilagunen arteko harremanak estutu eta bien arteko ezagutza sustatzea. Imanol Landa zinegotziak gaur nabarmendutakoaren arabera, "iaz Angelun egindako jardunaldi arrakastatsua parekatu nahi dugu eta oso antzekoak diren bi herriak hobeto ezagutzea, euskal kostaldeko bi herri direlako, bizimodu oso ona dutelako eta bokazio turistiko garrantzitsua dutelako ere". Argazkian, nola ez, surfak ere izango du lekua kirol topaketan. Jardunaldia 10:30ean hasiko da Getxoko Esku Pilota Eskolak Algortako Fadura udal kiroldegian antolatutako partidekin. Bertan, Angeluko Hardoytarrak taldeko gaztetxoekin lehiatuko dira etxekoak. Ondoren, 11:30ean indar jokoak izango dira bi herrietako herri kiroletako elkarteen eskutik. Bestalde, Getxo Rugby taldeko beteranoak lapurtarrekin arituko dira nor baino nor, herri kirolarien antzera, Faduran bertan, baina eguerdiko 12:30etik aurrera.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!