Gaurkoan, François Arbelo Itsas Joko Atlantikoen nazioarteko batzordeko idazkari nagusiak adierazi duenez, “Getxo eta Sopelan 2008an egingo diren joko hauek izango dira abiapuntua Atlantikoko ardatzeko beste erregio eta herrialde batzuetara zabaltzeko, hala nola, Kanariar Uharteak, Katalunia eta Andaluziara; kirol modalitate berriak sartzearekin batera”. EKFB-k 2008ko Jokuen egoitza finkatzeko erabakia hartzerakoan kontuan hartu dituen arrazoiak, "Getxori dagokionez behintzat", honako gai hauei lotutakoak dira, tokiko iturrien arabera: "geografia, azpiegiturak, garraiobideak, herritarren abegitasuna, herriaren irudia eta, batez ere, gure udalerriaren itsas kultura, bela, arraunketa eta surfean oinarritutakoa dela, eta baita goi mailako jardueren antolaketan eskarmentu handia duelako".
Mila kirolaritik gora
Itsas Joko Atlantikoak urtero udaldian mila kirolaritik gora batzen ditu, aipaturiko eskualde eta herrialdetatik etorritakoak. Kirol aste hau, gainera, kultura egitarau garrantzitsu batekin osatzen da, kontzertu eta era askotako ikuskizunez beterikoa. Getxo eta Sopelako hitzordua Joko Olinpikoak egiten diren bitartean izango da, “baina Itsas Joko Atlantikoak, ostera, aukera paregabea dira Pekinera joango ez diren kirolarientzat”, antolatzaileek nabarmendu dutenez.