Ereagako eraikin berria 2008ko amaierarako egotea espero du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko api. 19a, 13:27

Iñaki Zarraoa alkateak iragarritakoaren arabera, aurtengoaren amaieran edo 2008ko hasieran abiatuko dira Ereagako eraikin berriaren lanak eta horretan, besteak beste, turismo bulegoa, sorosleentzako eta hondartzainentzako tokiak eta taberna-jatetxea izango dira. Tokiko Gobernu Batzarrak lehenengo urratsak eman ditu eraikinaren proiektuaren idazketarako eta lan zuzendaritzarako. Eraikin berria Ereagako pasealekuan dagoen La Terraza izeneko tabernan dagoen tokian lekutuko da. Sotoa eta lehenengo solairua edukiko ditu 600 metro koadroko azalaren gainean. 525 metro koadroko taberna-jatetxea izango du hiru solairurekin; Gurutze Gorriarentzako eta sorosleentzako egoitzak 116 metro koadro edukiko ditu eta turismo bulegoak 389 metro koadro hiru solairutan eren. Horiekin batera, hondartzainentzat 15 metro koadroko egoitza egongo da, komunetarako eta aldageletarako 80 metro koadro eta merkatalgo erabilera anitzeko egoitza 15 metro koadro. Lanen iraupena 10 hilabetekoa izango da eta horiek esleitu arte La Terraza taberna ez dute lurrera botako. 2008ko hondartzetako denboraldirako eraitsita egotea eta 2008ko amaierarako eraikin berria eginda egotea aurreikusten dute udal arduradunek. Argazkian, eraikiko den etxearen aurrean dagoen turismo bulegoa bertara aldatuko dute, egungo Azul Marino izenarekin ezagutzen den etxeak "ez baititu bere funtzioak egin ahal izateko egokitzat jotzen diren baldintzak”, azaldu du Zarraoak.

Turismo bulego berriak interpretazio gunea ere edukiko du. “Beste udalerri batzuetan dagoeneko jarri dutenaren parekoa izango da eta horretan ikus-entzunezkoen bitartez ibilbidea egiten da udalerrian zehar, toki nabarmenetan arreta berezia jarriz” zehaztu du udal agintariak. Udala egitura berria eraikitzeaz arduratuko da eta hori "bat etorriko da kostaldeko orekarekin" eta ondoren taberna-jatetxearen ustiapena lehiaketara aterako du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun