Eguraldi ona iragarri dute igandeko Kanpomartxorako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko api. 20a, 13:35

Igande honetan, Santimamin ospatuko den Kanpomartxo jaia prestatzeko lanetan buru eta belarri sartuta, eguraldiaren iragarpenari ere eman diote begiradatxoa Berbots Erandion Euskaraz elkartekoek: "iazko eguraldia, aurten ez dugu izango! Domekan eguzki lainotsua (egokiena) izango dugu!", adierazi dute. Hainbat hamarkadatan galduta egon zen eta orain dela 17 urte berreskuratu zuen baserri giroko euskal jaia euskara taldeak. Ordutik hona, udalerriko txoko ezberdinak txandakatuz egin dute urtetik urtera. Eguerditik aurrera, dantzak, bertsolariak, antzerkia, jolasak... edukiko dituzte, egunean zehar, bertara batzen direnek. Trabudu, Goi Alde eta Uztargi dantza taldeak, Santimamiko jai batzordea eta Algortako Bertsolari Eskola (ALBE) dituzte laguntzaile. Argazkian, aurreko Kanpomartxo batetako artxibo irudia.

Antzinean, Erandioko auzo ezberdinetako baserritarrak batzen ziren, apirilaren hasieran aukeratutako egun eta tokian, musika doinuz eta dantzaz beteriko jai egunaz gozatzeko. Finean, erandioztar guztien arteko harremanak sendotzeko balio zuen ospakizunak. Kanpomartxon parte hartzen zutenak lotzen zituena euskara zenez, Erandioko euskaldunen eta euskaltzaleen jaia bihurtu da Berbotsi esker.

Egitaraua:

11:30ean. Herriko dantza taldeak.
13:00etan. Bertsolariak: Itsaso Paia, Gorka Ostolaza, Onintza Enbeita eta Peru Vidal.
14:30ean. Herri bazkaria (nork berea eginda).
17:00etan. Kepa Arrizabalaga eta Roberto Etxebarriarekin mahaiaren inguruan bazkalosteko goxoa egiteko. Bitartean umeentzako antzerkia (Zirika Zirkus) bertan egongo da.
18:00etan. Erromeria Luhartz taldearekin, beraz, denok dantzatzera!

Egun osoan zehar, musika, umeentzako puzgarriak, arku jaurtiketa, jokoak, taloa eta batez ere, guztion animu ederra.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun