Bertsoak, musika eta antzerkia bilduko ditu bihar "Bertsotranpak" ikuskizunak Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko api. 24a, 17:57

Asteazken Kulturalak izeneko programazioaren barruan, bihar, eguerdiko 12etan hasita, "Bertsotranpak" ikuskizuna izango da EHUko Erandio eta Leioako campuseko Liburutegi Nagusiko hitzaldi aretoan. Bertan, Andoni Egaña eta Fredi eta Xabier Paya bertsolari algortarrek, Aitor Agiriano musikariak eta Ander Lipus aktoreak hartzen dute parte. Bertsoa, musika eta antzerkia uztartzen dituen diziplina anitzeko ikuskizun eleaniztuna da "Bertsotranpak". Bertso lehiaketa formatu estandarretik abiatzen da, baina lehia berezia da Payatarren eta Egañatarren artekoa: Xabi eta Fredi, Andoni eta Euxebioren aurka. Hor hasiko da jolasa: nor da Euxebio Egaña?. Gainera, lehia horretan gai-jartzaile bereziak ere izango dituzte bertsolariek: Ander Lipusek jokatutako pertsonaia bitxiak: duela zazpi urte poto egin zuen bertsolari potosikotiko bat, Jerry Always, Seberio Gaijartzailetxea eta abar. Argazkian, ikuskizuneko pasarteetako bat.

Saiorik saio gai-jartzaileak errepika daitezkeen arren, bertsotranpa bakoitzeko "gidoi dramatiko berria" idazten du Lipusek, eta era horretan, bertsolariek ez dakite zeri kantatu beharko dioten. Ikuskizunerako sarrera doakoa eta mundu guztiari irekia izango da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun