Ostiraleko udalbatzarrean erabakiko dute Villamonten eskailera mekanikoak jartzeko lurrak derrigorrez desjabetzea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko api. 24a, 18:31

Getxoko Udal Gobernu Taldeak Algortan Villamonte plaza eta metro geltokia lotuko dituzteen eskailera mekanikoak eta igogailuak jartzeko proiektua onartu du. Horretan jasotzen denez, eskailera mekaniko bi zati eta bi igogailu ipiniko dituzte Villamontetik geltokira eta geltokitik plazara erraz igo eta jaitsi ahal izateko. 2008ko udan egon litezke martxan, udal iturrien arabera. Proiektu hau onartzea "ezinbesteko baldintzatzat" jo dute, gerora lanak egingo diren lurrak "derrigorrez desjabetu ahal izateko", Villamonteko Jabe Elkartearenak direlako horiek. Gai hau onartu edo ez erabakiko dute ostiral honetako udalbatzarrean, eta onartzekotan, desjabetze prozesua berehala abiatuko litzateke. Horrez gain, Bizkaiko Garraio Partzuergoak ere berea den lurzoruaren zati bat ematea onartzeko asmoa du, hor ere lanok eragina izango luketelako. Argazkian, Iñaki Zarraoa alkatea.

Iñaki Zarraoa alkateak adierazitakoaren arabera, udalerriko Irisgarritasun Planean aurreikusitako jarduera da: “eskailera mekanikoen lehen zatiak Villamonte plaza eta bertako saltokien gainaren arteko zatia gaindituko du -3,90 metroko garaiera dutela-, eta bigarrena leku horretatik metro geltoki ondoan dagoen aparkalekuraino joango da -5,40 metroko altuera gaindituz-. Igogailuek ere altura horiek gaindituko dituzte eta ibiltzeko zailtasunak dituen edozein pertsonak erabili ahal izango ditu, gurpildun aulkian doazenek, umeen kotxea daramatenek, pertsona zaharrek, eta abar”. Villamonteko eskailera mekanikoak eta igogailuak ipintzeko epea 6 hilabetekoa da eta, hortaz, 2008ko udan ipini ahal izango dituzte martxan, Udalaren arabera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun