Gaur hasi da Bilboko Lurralde Auzitegian duela bi urte Aintzane Garai 26 urteko barrikoztarra ustez bortxatu eta hil zuen Mikel H.B. gaztearen kontrako epaiketa eta ostegunera arte luzatuko da. Bikotekide ohiak neskatoa hil zuela aitortu zuen atxiloketa unean, baina gaurko saioan zerikusirik duenik ukatu du, "poliziak bere emaztea auzian nahastearekin mehatxatu zuela" argudiatuz. Hala ere, 2005eko urriaren 14an, Garai desagertu zen egunean, harekin egon zela onartu du ustezko hiltzaileak: "ezkondu zela eta, hortaz, harremana amaitu nahi zuela esateko" geratu zirela esan du. Eztabaida egin zutela eta ostean neskatoak haren autoan alde egin zuela deklaratu du akusatuak. Abokatuak dio gaztea une txarra pairatzen ari zela garai hartan. Antza, lanean arazoak zituen, senideei ezin zien aitortu norekin ezkondu zen (prostituzioan jarduten zen) eta adoptatua zela jakin berri zuen. Egun hartan, kokaina kontsumitu eta alkohola edan zuela ziurtatu du abokatuak. Argazkian, Garairen senideek 2005eko azaroaren 4an emandako prentsaurrekoaren artxiboko irudia, jasotako laguntza eskertuz.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!