Ekitaldi politikoa deitu dute biharko Getxoko Abertzale Sozialistek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko api. 25a, 15:06

Marije Fullaondo algortarra izango da protagonista bihar, arratsaldeko 7:30ean Algortako Getxo Antzokian Getxoko Abertzale Sozialistak hautes-elkarteak antolatutako mitinean. Batasuneko euskara arduraduna eta Abertzale Sozialisten Batasuneko eratzailea den Fullaondo, Getxo udalerriko ezker abertzaleko beste kide batekin batera arituko da, "Badator Getxo berria!" lelopeko ekitaldian. Hori izango da Getxoko hautes-elkartearen lehenengo ekintza publikoa, hauteskundeetan parte hartzeko behar zituen 1.500 sinadura baino gehiago, 1.767, alegia, jaso ostean. Getxoko Abertzale Sozialisten zerrenda aurkezteaz gain, prozesu politikoa eta hauteskundeetan ezker abertzaleak parte hartzeko Hego Euskal Herrian lortutako 83.502 sinadurak eta dituen aukerak eta zailtasunak ere izango dituzte hizpide. Pasa den larunbatean, Telletxen egindako kontzentrazio baten bitartez jakinarazi zuen Getxoko ezker abertzaleak lortutako sinadura kopurua. Argazkian, Marije Fullaondo / Gartxot.

Getxoko Abertzale Sozialistek zabaldutako testua

1.767 sinadura Getxon prozesua eta hauteskunde demokratikoen alde

Sinadura bilketa bukatuta, Getxoko Abertzale Sozialistak hautesle elkartearen parte hartzearen alde egin dutenak zenbat izan diren jakinarazi da gaur eguerdian Algortako Telletxen izan den elkarretaratzean. Sinadura guzti hauen garrantzia ere nabarmendu da.

Prozesuaren eta hauteskunde demokratikoen alde, Getxon 1.767 sinadura

Ezker Abertzaleak Euskal Herriko herri eta hiri guztietan indarrak biltzera eta sinadurak batzera deitu ditu herritarrak asteotan.

Gaurkoan, gure eskerrak eman nahi dizkizuegu prozesuaren eta hauteskunde demokratikoen alde sinadura eman duzuen guztioi. Guztion sinadurari esker bete dugu helburua, goitik bete ere.

Zure sinadurak zertarako balio du? Zuk emandako sinadurak balio handia du. Hauteskundeetarako formula zehatz bati ateak irekitzeaz gain, herri honetan zinezko hauteskunde demokratikoei ateak irekitzeko balio du.

Hauteskunde demokratikoen ate horretatik pasatzen da, ezinbestean, gatazkaren konponbidea ekarriko lukeen soluzioen prozesua eta gu guztion sinadurak ate hori zabaltzeko bultzada izan dira, inongo zalantzarik gabe.

Gure sinadurarekin bai esan diogu hauteskundeak eta prozesua, prozesua eta hauteskundeak, eskuz-esku aurkezten zaizkigun bi erronka hauek, parametro demokratikoetan, aldeen aukera berdintasunean bideratzeari.

Gure sinadurarekin bai esan diogu soluzioen prozesuari, bai herriaren hitza eta erabakiari, bai bakean eta askatasunean eraiki beharreko aro berri bati.

Sinadurak urrats bat dira, beraz, prozesuaren eta hauteskunde demokratikoen alde.

Prozesua ekimen eta urratsekin etengabean elikatu beharreko esfortzu kolektibo dinamiko eta bizia da. Eta horretan ari da Ezker Abertzalea, erantzukizunez eta ekimenak eginez.

Gatazkaren konponbiderako metodoaren hezurdura aurkeztu genuen Anoetan. Mamia gehitu genion Anaitasunan, gure herriaren gehiengoarekin bat eginez, modu arrazonable eta demokratikoan eskaini genuen transiziorako Marko Demokratikoa.

Eta orain, onartzen ez dugun eta errotik aldatu nahi dugun Alderdien Legea kunplimentatuz Abertzale Sozialisten Batasunaren tresna legala martxan jarri dugu, eta horren segidan, enbor bereko ezpala gisara, herriz-herriko Abertzale eta Sozialisten hautes-elkarteen sinadurak bildu ditugu.

Hauek guztiak bakea eta behin betiko konponbidea lortzeko urratsak dira, Ezker Abertzalearen etengabeko konpromisoaren lekukoak.

Ez da hau, ordea, gainerako eragileen jokabidea. Ezker Abertzalea prozesuaren eta hauteskunde demokratikoen alde urrats positiboak ematen ari den bitartean, gainerako eragileak ezezko jarrerarekin agertzen dira: ez elkarrizketari, ez negoziazioari, ez hauteskunde demokratikoei. Ez dute bakea nahi.

Ezetz esaten diote, ez ezker abertzaleari, herri honen gehiengoaren nahia eta eskaerari baizik. Herri honen gehiengoa delako prozesu demokratikoarekin aurrera egin nahi duena, hauteskunde hauek demokratikoak izan daitezen aldarrikatzen duena.

Eta gure galdera da: zertan lagunduko dio prozesuari Ezker Abertzaleari partehartze demokratikoaren ateak ixteak? Iruzurrean eta herri borondateari iseka egitean oinarritutako hauteskundeek zein ekarpen egiten diote gatazkaren konponbiderako prozesuari?

Galdera hauei erantzun bikaina eskaini diete herritarrek sinadura bilketarekin. Eta sinadura bilketak eskaintzen digun babesarekin deialdia luzatu nahi diegu beste eragileei alde batera utz ditzaten kontabilitate elektoral hutsean oinarritutako interesak eta prozesuaren eta hauteskunde demokratikoak sustatu ditzaten.

Euskal Herriak prozesu demokratikoa behar du. Euskal Herriak hauteskunde demokratikoak behar ditu. Ez da ezker abertzalearen arazoa. Guztiok egin behar diogu aurre egoera honi.

Sinadura bilketa izan da honen adibide bat. Ondo, bikain, atera den adibidea. Aurrera egin behar dugu orain. Indarrak biltzen jarraitu. Herri honetan zabalik dagoen aukera aprobetxatzeko indarrak bildu behar ditugu, urratsez urrats, herriz herri.

Ideia nagusi honekin amaitu nahi dugu: herri honetan zabalik dugu gatazka behin betikoz konpontzeko aukera. Horri begira ari gara lanean. Konponbidea dago jokoan. Konponbidea borrokatuz irabazteko aukera. Euskal Herri berria osatzeko aukera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun