Gernika, gogoratu nahi izan du Zarraoak, “Bakearen Hiria da gaur egun eta Getxok honen harira antolatzen diren ekitaldi guztietan parte hartu nahi du”. Raul Onaindiak, bere aldetik, Getxoko Udalari egindako ekimena eskertu dio eta arteak –kasu honetan musikak– baloreak, bizipenak eta oroimenak transmititzeko, eta bakearen kontzeptuari lotzeko duen garrantzia azpimarratu du: “pertsona askok ezagutu zuten Gernikako bonbardaketa arte-adierazpen ezberdinen bitartez, Picassoren margoa edo Sorozabalen lan musikala, hauek erasotzaileek egindako propagandaren aurrean kontrapuntua izan baitziren. Badira urteak Gernikako herriak bonbardaketaren esperientzia garratza jarrera baikorra bihurtu nahi duela, bakearen eta berradiskidetzearen alde”.
“Fantasia dramatikoa”
Jesus Maguregik bere lana “giza musika” dela esan du, “bost mugimenduk osatutako fantasia dramatikoa”. Izan ere, entzulea ume errugabe eta izutu baten esperientziara ekartzea gura du, modu kronologikoan, gainera. Lehenik eta behin, “La villa de Gernika” deskribatzen du; bigarren mugimenduan, “Presagio”, tragediaren beldurra iragartzen du; ondoren, “El bombardeo” eta “Desolacion” mugimenduen ondoren, askatasun egarri handiko herri baten bizi nahiak “Resurgir” abestia dakar.
Egilea
Jesus Maguregi Algortan jaio zen, 1928ko abuztuaren 30ean. Bere garaiko ume asko eta asko bezalaxe, “gerrako haurretako” bat izan zen; 8 urterekin Belgikara joan behar izan zuen, bertan musikarekiko lehenbiziko harremana izan zuela. Belgikan hartu zuen familiak zeukan pianoari esker, Jesusek berez zuen musika-sena garatu ahal izan zuen. Gerra ostean, Algortan, Manuel Gainzarekin musika ikasteari ekin zion eta Plentziako udal bandako klarinete bakarlaria izatera iritsi zen, harik eta 16 urte bete zituenean Athleticen sartu zen arte, bertan zazpi denboraldi egin zituela. Lan kontuek Venezuelara eraman zuten 1952an eta 1963ra arte bertan bizi izan zen. Itzuli zenean, musika ikasten jarraitu zuen bere kabuz eta sormenez betetako denboraldi oparo bat hasi zuen, gaurdaino dirauena. Musika idatzi ez ezik, Jesus Maguregi “Magu”k pintura erakusketa ugari egin ditu eta bost liburu idatzi ditu, poemekin zein narrazioekin.