Larunbatean, hilak 28, duela 4 hilabetetik hona biltzen hasi zen Erandioko Gazte Asanbladaren jendaurreko aurkezpena egingo dute Txorierriko herrian. Garazi Garzia EGAko kideak UKBERRI.NETi jakinarazi dionez, "herrian gazteontzat ezer ez dagoelako" kezkatuta, 15 bat lagunek gazte aisialdiaren inguruan lan egiteko asmoz ekin zioten batzeari gabonetako oporrak aldera. Hortik abiatutako ildoak herriko Inauterietan play back-a eta bestelako ekimen batzuk antolatzera eraman zituen. Egun, erritmoa hartuta astero biltzen dira, ostiralero, laupabost koadrilako kideen parte hartzearekin eta erakunde sortu berrian "ahalik eta koadrila gehien" aritzeko erronka jarri diete beraien buruari. Larunbatean 30 edo 40 pertsona batzea espero dute. Eguna 11etan hasiko dute herri kirolekin. Ordu bat beranduago, triki txikiteoa abiatuko da metroko plazatik, eta arratsaldeko 2etan bertso bazkaria izango da polikiroldegiko ondoko plazan. Ondoren, Abiadura Handiko Trenaren aurka Bilboko Jesusen Bihotz plazatik 17:30ean abiatuko den manifestaziora joateko deia egin dute. Bitartean, gaur eta bihar, bazkarirako txartelak La Plaza tabernan eskura daitezke 5 eurotan. Argazkian, EGAk ez du aintzat hartzen Erandioko Udalak egiten duen gazte politika.