Ostiralean lan istripuen aurkako lanuzteak egitera deitu du LABek

LAB sindikatuak ostiral honetarako, hilak 27, lanuzteak deitu ditu eguerdiko 12ak eta 13ak bitartean. Ekimen horren bidez, lan baldinzten behin-behinekotasunak, azpikontratazioak eta demaseko lan erritmoak beharginen heriotzak eragiten dituztela salatu nahi du ezker abertzaleko sindikatuak. LABek larunbatean ospatuko den lan osasunaren nazioarteko egunaren bezpera aukeratu du kalera irtetetzeko, 28an "guk ez daukagulako egun hori ospatzeko arrazoirik eta are gutxiago itxurakerietan galtzeko. Guretzako, aldarrikapen eta borroka eguna da". Izan ere, LABek salatu du langileen heriotzen eta istripuen atzean dagoen "inpunitatea".

LAB sindikatuak zabaldutako testua:

Prekarietateak, azpikontratazioak, lan erritmoak... hil egiten dute. Hau aldatu behar dugu!

Apirilaren 28a, lan osasunaren nazioarteko eguna da. Baina guk ez daukagu egun hori ospatzeko arrazoirik eta are gutxiago itxurakerietan galtzeko. Guretzako, aldarrikapen eta borroka eguna da.

Datuak ikusi besterik ez dago, iaz Euskal Herrian 129 langile hil ziren lan istripuetan; baina ez hori bakarrik 529 istripu larri gertatu ziren eta beste 64.897 arin; honez gain, badira estatistiketan agertzen ez diren laneko gaixotasunak ere.

Dagoeneko, aurten, 40 langile hil dira eta heriotza horiengatik ez dute inor zigortu. Badirudi sarraski honek ez duela arduradunik, lan baldintza prekarioak, produkzio neurri ikaragarriak ezartzen dituztenentzako ez duela inongo kosturik; azken batez, esplotatzen dutenei doan irteten zaizkie langileen heriotzak.

Egunkarietan euren mozkinen eta burtsako kotizazioen albisteak argitaratzen diren bitartean; beste datu batzuk ezkutatu egiten dituzte:

Lanean ari direla istripua izan eta hiltzen diren langileen %65 kontrata edo azpikontrata batekoa da; eta 25 langile baino gutxiagoko enpresetan kasuen %52. Langileen %56k lan erritmo ikaragarriak jasan behar ditu, %42k zarata oso altuak eta %28ak estresa pairatzen du, %40k lan monotonoak egiten dituzte eta %33 bizkarreko minen kexu da. Gainera, enpresen %56,6 ez du formakuntzarik eskaintzen, %59k ez dauka segurtasun eta osasun batzorderik eta %54k arriskuen ebaluaziorik ere ez dauka eginda.

Hau al da langileok odoletan ordaindu behar dugun prezioa enpresak errentagarri izan, aberastu eta mozkinetan lehia daitezen?

Administrazioek ezikusiarena egin eta gezurrezko estatistikak argitaratzen dituzten bitartean, enpresariek ez dute dirurik inbertitzen prebentzio eta formakuntzan. Euren helburu bakarra errentagarritasuna eta mozkinak lortzea da eta hori da langile guztiok ordaintzen duguna lesio etengabe eta gaixotasun larriekin; eta baita gure biziarekin ere. Honi biolentzia deitzen zaio, biolentzia sistematiko eta estrukturala; baina honegatik inor ez du zigorrik jasotzen.

Langile klaseak aski dela esateko aukera dauka. Egoera jasangaitz honen kontra borrokatu behar dugu, duintasun eta elkartasunagatik. Salaketa, konpromiso eta borroka bide bat zabaldu behar dugu egoera hau irauli ahal izateko; enpresaz enpresa, herriz herri. Aski da, gure osasuna eta bizia daudelako jokoan!

Honegatik guztiagatik, apirilaren 27an, lan osasunaren nazioarteko egunaren bezperan ordu beteko lanuztea egingo dugu lantoki guztietan.

Apirilaren 27an, 12:00etatik 13:00etara gure jarduera bertan behera utzi eta kalera aterako gara poligono eta enpresen aurrean nahikoa dela esateko.

Eraikuntza

Eraikuntza sektorean langileok geure lanpostuetan osasuna eta sarritan bizia gal dezagun osagai guztiak aurkitzen ditugu: aldi baterakotasun tasa altuak, azpikontratazio kateak, iruzurrezko kontratazioak, lan zama ikaragarriak, lanaldien luzatzea, lan erritmoak, epe oso mugatuko obrak, etab. Beraz ez da harritzekoa lan istripuen %33 eraikuntzan gertatzea; aldi baterako langile batek edo azpikontratatutakoak lan istripu bat izateko 2,47 aldiz aukera gehiago baititu eraikuntza sektorean eta heriotza indizearen ia bikoitza, kostuak murrizteko eta enpresarien mozkinak areagotzeko asmoz egiten den kontratazio motagatik.

Garraioa

Garraio sektorean prekarietatea da nagusi: eskariak eramateko epe oso motzak, 12 ordu baino gehiagoko lanaldiak egunero eta 65eko lan-asteak gehienetan ... Beraz, behar beste deskantsatzen ez dutenez neke kronikoa pairatzen dute eta ondorioz loari lotutako nahasteak, hipertentsioa, hezur eta muskuluetako lesioak, digestio-aparatukoak, ikusmen arazoak, kontzentratzeko zailtasunak, etab izaten dituzte. Eta garrantzitsuena dena, nekeak trafiko istripuak izateko arriskua areagotu egiten du; gainera datuen arabera, trafiko istripuen %40 lan istripuak dira.

Bestalde, deserrotze deitutako gaixotasuna ere maiz agertzen da garraioetako langileen artean etxetik kanpo pasatzen dituzten ordu amaigabeen ondorioz eta harreman sozial, senide arteko eta pertsonaletan zerikusia daukana.

Industria

Lan istripu hilkorren %25 industria sektorean izaten da; baina horrez gain, industrian diharduten langileei apurka-apurka arazoak eragiten dizkien beste arrisku batzuk pairatzen dituzte: zarata altuak, zamak eskuz manipulatzea, mugimendu errepikakorrak, jarrera bortxatuak, makina ezegokiekin anputazioak, produktu kimikoen manipulazioa, ...

Egoera horien ondorioz, hauek dira industria sektorean agertzen diren gaixotasun ohikoenak: batetik, hezur eta muskuluetako arazoa (tunel karpiano, lumbalgia, zerbikalgia, ...), bestetik, produktu kimikoak eta hozgarriak manipulatzeagatik azaleko arazoak eta, azkenik, gorreri profesionalak. Kasu askotan, patologia hauek gaixotasun arruntzat jotzen dira patronalaren mutuek ez dutelako aitortzen jatorria lanekoa dela. Enpresak sortutako gaixotasuna, jendarteak ordaindu behar izaten du.

Irakaskuntza

Irakaskuntza sektoreko beharginek ere antzeko egoera bizi dute. Jasaten dituzten gaitzen artean, ahotsaren galera da begi bistakoena, aurrerapen tekniko eta zientifikoek ere murriztea lortu ez dutena eta irakasleen artean gaixotasun arrunta dena. Irakaskuntzan, beste askoren artean, askotan ordezkapenen planifikazio okerrak eragindako auto istripuak izaten dituzte in itinere. Zoritxarrez, aurten, honezkero, irakaskuntza sektoreko langile bat hil da auto istripu batean eskola batera zihoala.

Zerbitzuak

Zerbitzu sektorean ere antzeko gaitz eta arazoak izaten ditu langileriak: lan baldintza eta gehiegizko ordu, erritmo altu eta bezeroen etengabeko eskariengatik ... antolatze-nahasteak, kardiobaskularrak, loari dagozkion arazoak izaten dituzte eta nagusien presioak zenbaitetan jazarpen moral edo sexualeko kasu bihurtzen dira. Produktu kimikoak manipulatzean arnas aparatuko, azaleko, ugaltzeko eta minbizi arazoak sufritzen dituzte. Horrez gain, bizkar eta gerriko arazoak eta tunel karpianokoak ere izaten dituzte jarrera bortxatuak egin behar dituztelako mugimendu errepikakor eta zamak eskuz mugitzean.

Administrazioa

Osasungintza, zerbitzu sozial eta administrazio publikoen mende dauden erakundeetan arrisku psikosozialak dira maizenak.

Egoera hauen zergatia lan baldintza eta generoari lotutako rol sozialetan aurki dezakegu. Berdintze politikek emakumeak etxeko lanetara mugatzen dituzte eta horrela soldata ezberdintasunak gero eta nabariagoak dira, emakumeak ekonomikoki mendekotasunean eta pobrezia egoeran utziz. Osasun mentaleko gaitzak, kardiobaskularrak eta muskulu eskeletikoak gaixotasun arruntzat jotzeak ez du laguntzen sektore publikoko langileen laneko gaitzak azaleratzen. Gainera, beste sektoreetan baino askoz ere kaskarragoak dira zerbitzu publikoetako prebentzio zerbitzuak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun