Irakaskuntza publikoko sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte datorren hilabeterako, sektore honen "alde" eta Eusko Jaurlaritzaren jarreraren "aurka". EILAS, LAB, ELA eta UGT sindikatuetako ordezkariek prentsaurrekoa eman dute gaur Bilbon, lanuzteen zergatiak azaltzeko. Bertan, Gipuzkoako greba eguna maiatzaren 15ean, Arabakoa 16an eta Bizkaikoa 17an izango dela esan dute, baita, hilaren 24an EAE guztian lanuztea egingo dutela iragarri ere. Bestalde, mobilizazioekin bat egiteko deia egin diote CCOOri, nahiz eta hainbat kontutan sindikatu hau gainerakoekin bat ez etorri. Ildo horretan, Hezkuntza sailaren jarrera kritikatu dute, azken hilabeteetan hitz egiteko eta akordioak lortzeko gogorik erakutsi ez dutela argudiatuz eta horrekin batera, iaz egindako lanuzteen arrakastari jaramonik egin ez izana egotzi diote. Argazkian, Leioako Altzaga ikastolako umeak.