Aurten, ETBko "Egin Kantu!" haurrentzako ikuskizun ospetsuaren eskutik hasiko da zikloa. Ikuskizuna maiatzaren 3an izango da, eta bertan partaideek beren kantarik gustukoenak abestuko dituzte lagunen eta senideren artean. Saioa Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan izango da, 17:00etan. Bestalde, 19:30etik aurrera, Oskorri taldearen "The Pub Ibiltaria" ikuskizuna hasiko da. Ekimen honek 11. urteurrena ospatuko du aurten eta, Oskorriren eskutik, publikoa erabateko protagonista bilakatuko da. Kontzertuan betiko tradiziozko kantak entzun ahal izango dira eta baita taldeak berak berreskuratu dituen zenbait abesti ere. Kontzerturako gonbidapenak, doakoak, dagoeneko jaso daitezke Algortako kultur etxean (Villamonte, A-8) eta, egunean bertan, Algortako Getxo Antzokiko txartel-leihatilan, saioa hasi baino ordubete lehenagotik.
Biharamunean, maiatzak 4, egile-kantak hartuko du tradiziozko musikaren lekukoa. Horrela, "euskal egile rock" delako estiloaren ordezkari nagusienetariko den Txuma Murugarren jardungo da formatu akustikoa eta elektrikoa uztartzen dituen kontzertu bat eskaintzeko. Kontzertua Algortako Piper"s Irish Puben izango da, 20:00etan.
Amaiera bikaina
Maiatzaren 5ean, gaztetxoak protagonista bilakatuko dira berriro ere Haur Kantari Txapelketan. Ekimen honek hiru helburu nagusi ditu: galtzear dauden edota ia ahaztuta dauden kantuak gogoratzea, euskal kantuaren aberastasuna zabaltzea eta kantu eta kantari berriak plazaratzea. Ekitaldia Getxo Antzokian izango da, 17:00etan. Azkenik, zikloa amaitzeko, saio bikoitza egingo da Algortako Portu Zaharrean. Bertan bi talde jardungo dira 20:00etatik aurrera: batetik, Berri Txarrak hirukotea, Alemanian egiten ari den biratik etorri berria, eta, bestetik, Lisabo talde eklektikoa, "Ezlekuak" azken diskoa aurkeztuz.
Maiatzaren 3tik 5era bitartean ospatuko da Getxon Kantuketan musika-zikloa, Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Kultur Etxeak antolatua. Aurtengo edizioan, estilo ugari izango da entzungai, eta Oskorri, Txuma Murugarren, Berri Txarrak eta Lisabo arituko dira taula gainean. Antolatzaileek adierazi dutenez, ekimenaren helburu nagusia euskal musika talde eta artistarik onenak biltzeko topagune bihurtzea da. Halaber, zikloak euskal musikaren aniztasuna ezagutzera eman nahi du. Hori dela eta, zikloak oso musika-estilo ezberdinak bildu ditu, esaterako, folk musika abiapuntu hartuta rock musikara iritsi arte, horien artean, pop musika eta egile-kantak barneratuta. Aurten, gainera, haurrentzako ikuskizunak ere izango dira: "Egin Kantu!" eta Haur Kantari Txapelketa. Sarrera doakoa izango da ziklo honen saio guztietan. Argazkian, Berri Txarrak taldeko kideak.