Joan den larunbatean, abuztuak 30, arratsaldeko ordu batak baino lehentxeago, Areetako Kale Nagusiko lurrin denda bateko langilearen deia jaso zuen Ertzaintzak, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak adierazi duenez. Horrek esandakoaren arabera, zenbait kolonia lapurtu zizkioten. Zenbait patruila auto bertaratu ziren gertatutakoari buruzko informazioa lortzeko asmoz eta, lortutako datuei esker, agenteek lapurretaren ustezko egileak aurkitu zituzten Mesedeetako Ama kalean, polizia iturriek diotenez. Euren ibilgailuan miaketa egin zutenean aipatutako saltokian lapurtutako koloniak atzeman ei zizkieten, baita barruan zenbait produktu zeuzkan poltsa bat ere. Ertzaintzak aipatu duenez, produktu horiek beste denda batean ostu zituzten. Salgaiak (ia 750 euroko balioa zuten guztira) saltokietara bueltatu eta lapurretaren egileak atxilotu zituzten. Atzemandako lagunak (28 eta 33 urtekoak) epailearen esku utzi zituzten herenegun arratsaldean bertan.