Udako Euskararen Eguna ospatzeko asmoz, larunbat honetarako (ekainak 28) jarduera ugari prestatu ditu, Iberrebarri plazan, Gorlizko Kultur Etxeak. Horrenbestez, 11:30etik 13:30era, sokatira, txinga, zozkor apustua, fardel jasoketa, gurdi jokoa, harri jasoketa, zaku lasterketa edota ingudea bezalako herri kiroletan jarduteko aukera izango dute 5 eta 12 urte bitarteko haurrek. Urte batetik 10era artekoek, berriz, puzgarriak eta tailerrak edukiko dituzte, 12:00etatik 14:00etara, Euskaraz Olgetan ekimenaren barruan. Eta 4 eta 12 urte bitarteko neska-mutilei Mari, Basajaun, Herensugea, Lamia eta beste hainbat Mitologia pertsonai ezagutzeko aukera emango diete, 16:30etik 19:00etara, horretarako espreski prestatutako tailerrean. Ondoren, Kuko, Truko eta Bolenwaider pailazoek eskainiko dute ikuskizuna, 19:30ean; eta, egunari amaiera emateko, disko gaua egongo da 21:00etatik aurrera. Hurrengo egunean, igandearekin, San Pedro eguna ospatuko dute Gorlizko Iberre auzoan. Horretarako, Aratz Dantza Taldearen agerraldia (18:00), sardina jana (19:00) eta Juanchu el Charro mariachi taldearen emanaldi bikoitza (19:00 eta 21:00) antolatu dituzte. Argazkian, iazko ospakizuna Iberre auzoan.