Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Okupando Rom@ Itzubaltzetako okupazio mugimenduko musikariek jauzi handiak egin dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 20a, 02:50

Okupando Rom@ musika taldeak jo eta ke dihardu azken bolada honetan. Bart, Zorrotzan izan dute kontzertua Gatillazorekin batera eta bihar berriz, Ibilaldian joko dute, oholtza handirako jauzia eginez. Azken hitzordu horrek kristoren lana hartu die, Balmasedako eskenatokira euskarazko hainbat abesti eraman nahi izan baitituzte eta dituzten kantei bertsio xelebre batzuk gehitu dizkiete, dagoeneko dozena bat abesti dutela. Gainera, Itzubaltzeta / Romoko taldeentzako entsegu lokal autogestionatua eraikitzen bukatu berri dute beste taldeekin batera. Zortzikote itzubaltzetarrak urte eta erdi daramatza jotzen, Itzubaltzeta gaztetxeko lehenengo urteurreneko jaialdian "Errekagane 1-5" kanta berezia abesteko batu zirenetik. Ez dakite zein den beraien estiloa eta ardurarik ere ez dute. Dakitena erraz laburtzen da: "okupazio mugimendutik sortutako musikariak garela" eta munduan diren "jarraitzailerik maitagarrienak" dituztela. Getxoko Alderdi Popularrak beren udal hauteskundeetarako segurtasun arloko proposamenak irudiztatu ditu Okupando Rom@ren lokala eta Itzubaltzeta gaztetxeko argazkiarekin, behean "Gure udalerriko delinkuentzia-guneak birrinduko ditugu" agindua agertzen dela. UKBERRI.NET haiekin izan da.

Ane, Kaki, Laura, Nataly, Otxoa eta Zulu, Itzubaltzeta gaztetxeko beste hainbat kidek bezala, asteak eman zituzten hasieran "Itzubaltzeta gaztetxea" eta geroago "Errekagane 1-5" deitu den kanta prestatzen, 2005eko urriaren 15ean burutu zen gaztetxearen lehenengo urteurreneko jaialdirako. Getxo udalerrian lehen aldia zen gaztetxe batek urteko muga gaindituko zuela eta horrek ospatzea merezi zuelakoan zeuden guztiak. Horrela, ekitaldirako baino, Itzubaltzeta gaztetxeak bere kanta izan zezan lan egin zuten. Otxoa gitarra jolearentzat oso interesgarria izan zen abesti horren prozesua: "dena etxekoa zen, guztiak ginen gaztetxekoak edo hurbilekoak batek hau idatzi, besteak beste zati hori...".

Jaialdia arrakastatsua izan zen eta horretan ibilitako sei lagunek jarraitu zuten batera entseguak egiten. "Guztiok geneukan musika gustuko eta, ni izan ezik, inor ez zegoen talde batean. Agian horregatik... entseguak eginez abesti berriak sortu ziren, gero jo eta taldea ti-ta sortu zen ia bere kabuz" dio Otxoa oraindik ere Kagadero taldeko gitarra ere badena.

"Inperio kapitalista behera botatzeko gogoak ditugu"

Hasieran, Errekagane 1-5 izenarekin abiatuko ziren, baina hitz gehienak idatzi eta beste gitarra jotzen duen Zuluren aburuz, Okupando Rom@ izen argiagoa da: "gaztetxetik irten garenez, okupazio mugimendutik sortutako musikariak garenez, erreferentzia hori mantendu nahi genuen: okupazio mugimendua eta Itzubaltzeta / Romo herria". Flauta eta bibolina astintzen dituen Laurarentzat, berriz, mezua haratago doa: "izenak beste aldea ere badauka. Inperioaren okupazioa aldarrikatzen dugu, antzinako Erroma erori zen bezala gaur egungo Inperio kapitalista ere behera botatzeko gogoak ditugulako". Berak serio dio, taldekideen barreen artean.

Taldea sortzear zegoela sartu zen Guindi abeslaria, oraingo taldekide kopurua osatuz. "Baina gu zortzi gara!" argitzen du Zuluk, izan ere tresnarik jotzen ez duen taldekidea badute, Goros ezizenekoa. Taldeko tekniko eta managerra da. Zortzikotea "oso arraroa da" Natalyrentzat. Okupando Rom@ko perkusionistari bitxia egiten zaio "hemen dagoen adin eta musika gustu nahasketa". Bera da taldeko gazteena, 17 urterekin, Guindik 11 gehiago dituela. Taldekideen zaletasunak ere askotarikoak dira: Oi, Punk, Rock, Folk, Pop, Ska, Reggae...

19 hilabete lanean eta maketarik ez

Okupando Rom@ ez da gelditu duela 19 hilabetetik ona. Hasierako helburua hainbat abesti entseatu ostean maketa grabatzea bazen, aldika-aldika atzeratu duten kontua izan da. Izan ere, lan pila bat izan dute urte t'erdian: hainbat aldiz aldatu dira entsegu lokalaz, makina bat kontzertu eman dituzte eta Ibilaldiko kontzertua prestatzea bere denbora hartu die.

Kontzertuak eman dituzte dozenaka gaztetxetan, tartean Itzubaltzeta, Getxo, Zorrotza, Basauri, Durango, Leioa, Logroño... eta Errekalden. Kontzertu hori bereziki egiten zaie gogokoa iltzubaltzetarren jaialdia eman baitzuten Izenik Ez eta Ukabilkadarekin batera. Orokorrean "zorte handia izan dugu eta gehienetan deitu gaituzte guk eskatu barik, non edo non ikusi gaituztela eta gustatu zaiela. Gainera, kontzertu guztietara Itzubaltzetako 'fan' pila bat dator, berdin da nora goazen" dio Zuluk: "horiei guztiei eta lokala egiten lagundu gaitzutenei goraintziak eta besarkada beroak. Gora Itzubaltzetako gazteria!".

Ibilaldiaren kontzertuak, ordea, "euskara gehiago sartzeko bidea eman digu" aitortzen dute. Taldekide gehienak euskaldunak dira, baina hitz gehienak konposatu duena eta abeslaria orain daude euskalduntzen. Orain erronkatzat hartu dute kontua: "espero dugu hemendik aurrera euskaraz kanta gehiago sortuko ditugula". Orain udako kontzertuak lotzeko zain daude eta dagoenko Kantabrian badute bat lotuta, agian Asturiasera ere joango dira, eta maketak, berriz, uda pasatu arte itxaron beharko du.

PP eta Itzubaltzeta / Romoko taldeen entsegu lokala

Okupando Rom@k hainbat lokaletik pasatu da orain erabiltzen dutena eraiki arte. Ekitaldirako, Izenik Ez itzubaltzarren lokalean jardun zuten, geroago entseguak gaztetxean bertan egin zituzten bolada batean baina, serio hartuta, Berangoko Grabasonic-era jo zuten, bertan "dirutza gastatu genuen eta material eskasa izan genuen" diote. Hortik Errekaldeko Alhondigara salto egin zuten lonja bat hartuta alokairuan. Beranduago sortu zen Itzubaltzeta gaztetxean entsegu lokal bat sortzeko proiektua eta hainbat taldek parte hartu zuen horretarako antolatu zen jaialdian, baina gero astiroago joan ziren gauzak. Azkenean, Okupando Rom@, Atados A Nada (ohiko Konpañeros de Suizidio), Bajo Sospecha eta gaztetxeko perkutsio taldea aritu dira sei hilabetez lokala eraikitzen. Dena den, "lokala irekita dago" diote.

Baina, behin lana eginda dagoela, lokala "delinkuentzia-gune" delakoan "birrinduko" duela agindu du Getxoko PPk. Gainera, Marisa Arrue zinegotziak pasa den martxoaren 5ean eskatu zuenez, bertan udalaren menpe egongo liratekeen kontzertugunea eta entsegu tailerrak jartzea nahi dute. Badaezpada ere, "gu gaizkileak bagara, gora delinkuentzia!" diote Ane baxulariak eta Zuluk. Azken horrek haratago doa, berriki Basagoitik Zazpikatu eta Bilboko beste gaztetxeei esandakoari erantzunez: "eta terroristak bagara, gora terrorismoa!".

Etorkizuneko proiektuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun