Joan den larunbatean, apirilak 28, egin zuen jendaurreko aurkezpena, Txorierrin, Erandioko Gazte Asanbladak (EGA). Goizetik herri kirolak, trikixa doinuez alaitutako txikiteoa, musika, txalaparta eta bertso bazkaria izan ziren. Harrera ederra izan zuen jaialdiak, 50 bat gazte batuz. Hala ere, Ertzaintza ere izan zen berton: EGAk salatu duenez, bi gazte identifikatu zituen polizia autonomikoak, herrian pankarta informatiboak jartzen ari zirela. Etorkizunari buruz, EGAkoek asmo argiak dauzkate: "taldea kontsolidatzea eta Erandioko jaiei begira zer edo zer antolatzea", Garazi Garziak aurkezpenaren aurretik UKBERRI.NETi azaldutakoaren arabera. Zer edo zer hori, baina, asanbladak erabaki behar izango du: "agian Gazte Eguna egingo dugu, agian bestelakorik, guztion artean ikusiko dugu". Argazkian, aurkezpen egunean, EGAko kide bat ongi etorri pankarta jartzen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!