Joan den ostiralean (apirilak 27) egin zen legealdiko azken udalbatzarrean hainbat gai jorratu ziren eta, ohi legez, potoloenen gaineko hausnarketa eta Josu Amezaga ezker abertzaleko ordezkariaren hitzak
jaso ditu bere webgunean
Getxo Bizia herri plataformak. Besteak beste, behin betiko onarpena eman zitzaion Algortako Portu Zaharreko orubea "ekipamendu publiko" gisa deskalifikatzeari, bertan talasoterapia zentroa jartzeko bidean beste pauso bat emanez. Hain zuzen, aipatu gaia hartu zuen adibide gisa Getxo Biziak, legealdiko azken osoko bilkura izanik lau urteotako balantzea egiteko. Amezagaren hitzetan, kasu horrek ondo islatzen du Udalaren jokabidea azken lau urteetan: "proiektu antisoziala, eremu publikoaren erabilera pribatizatu egiten delako; proiektu suntsitzailea, ondareari (kasu honetan historikoari) eraso egiten zaiolako; proiektu antidemokratikoa, herritarren borondateari (1.200 erreklamazio eta parte-hartezko mintegia) muzin egiten diolako; bere burua ezkertiartzat duen alderdi baten babes osoa duen proiektua; eta azkenik, esperpento hutsa, gaurko plenoan -ostiralekoari buruz ari da- ikusi den bezala (herritarren ahotsa eman, eta haren kontra bozkatu)". Argazkian, Josu Amezaga aurreko udalbatzar batean /
Etengabe.