"Autodeterminazio eskubidea aitortzea da gatazkaren konponbiderako oinarrizko bitartekoa, eta horregatik, LABek eskubide honen defentsan hartutako konpromisoa berretsi nahi du eta borroka hori euskal langileria guztira zabaltzera ere konprometitzen da", azaltzen du sindikatuak Maiatzaren Lehenerako egindako manifestuan (pdf). Horrela, euskal langileriak aldaketa bat "behar-beharrezkoa" duela azaltzen du, "eredu neoliberalaren efektuei aurre egingo dien lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua eraikitzeko eta ezkerreko eredu sozial alternatibo baten aldeko bidea jorratzeko". Era berean, sindikatuaren aburuz, langileriak aktiboki hartu behar du parte, protagonismoa bereganatuz. Emakume eta gizonen arteko berdintasun eta parekidetasuna ere ezartzen du oinarri moduan, "kontsumista ez den eredu batean, ingurugiroaren aldeko ereduan". Horregatik, LABek euskal langileriari dei egin dio maiatzaren lehenean kalera atera eta mobiliza dadin.
Gainontzekoak Bilbora
Langile izaeraren aldarrikapena da aurtengo Maiatzaren Lehenerako ELAk aukeratu duen mezua. Hain zuzen ere, "Langileak garelako. Orgullo de clase" izango da egun horretan sindikatuak zabalduko duen leloa. Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak Maiatzaren Leheneko ekitaldietan parte hartzeko gonbita luzatu die langile guztiei: "Kapitalaren irabazietarako tresna huts bihurtzen gaituen ikuspegiari aurre egin behar diogu langileok. Egun horretan gogorarazten dugu, pertsonak garen heinean, adierazten eta aldarrikatzen dugun eta duintasuna dagokigula. Sindikalistak gure klaseaz harro gaude, langile izaeraz harro. Maiatzaren Lehena hori horrela dela frogatzeko beste aukera ezin hobea dugu. Langile izaeraz harro gauden guztiok Bilbon dugu hitzordua", adierazi du. Ekitaldiak 11:45ean hasiko dira. Ordu horretan ELAko Alazne Alonso Genero eta Inmigrazio arduradunak eta Elorrietak hitz egingo dute. Ondoren manifestazioa egingo da Plaza Biribilera arte. Manifestazioaren ostean jaiak Barakaldoko BECen jarraituko du. 14:00etan, urtero legez, anaitasun bazkaria egingo da. Bazkalostean Tahuma taldeak giroa alaituko du bere abestiekin. Umeentzako ere ekimen ugari prestatu dira: puzgarriak, pailazoak, musika…Txartelak sindikatuaren lokaletan eta atal sindikalen bitartez eskuratu ahal izango dira.
UGTk eta CCOOk, berriz, batera egingo dituzte manifestazioak Euskal Autonomi Erkidegoko hiriburuetan. Gauzak horrela, eguerdiko 12etan abiatuko da martxa, Bilboko Jesusen Bihotzetik, "Por la igualdad. Empleo de Calidad" lelopean. Bestalde, CNTk deituta 11:30ean abiatuko da manifestazioa, Kale Nagusiko 56. zenbaki paretik eta Arriaga plazan bukatuko da, bertan ekitaldia eginez. "Langileon borroka: anarkosindikalismoa" da erabiliko duten leloa.
Azkenik, biharko manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute Euskal Herriko Komunistek (EHK) eta Elkartzenek. Lehenengoek Maiatzaren Lehena jai egun bihurtu dela salatu dute. Egun horretan, "gatazka politikoaren konponbideaz aparte, gure herriko langile klasearen eta herri sektoreen beharrak ere argi eta garbi azaldu" behar direla adierazi du EHK-k. Honela, kalera ateratzeko deia egin du, langileen eskubideen defentsan erantzuteko garaia baita. Bigarrenek ekimena burutu zuten atzo prekarizazioa salatu eta biharko manifestazioetan parte hartzera deitzeko. 2006an 129 langile izan dira "erailak", eta 43 dira jada aurten bizia galdu dutenak, Euskal Herriko eskubide sozialen aldeko mugimenduaren hitzetan. Irtenbidea "antolakuntza eta borroka" direla dio Elkartzenek.