Gatazka konpontzeko bidean “Getxo gorria” eraikitzera deitu du ezker abertzaleak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 1a, 01:14

Apirilaren 10etik 21era “zoro moduan” 1.767 pertsonen sinadurak batu ostean, Getxoko Abertzale Sozialistak hautesle elkarteak udalerrirako programa politikoa eta hauteskunde atariko gogoetak auzkeztu zituen 250 bat pertsonen aurrean pasa den ostegunean, Algortako Getxo Antzokian ospaturiko ekitaldi politikoan. Emakumeak eta euskara nagusi izan zirela, ekitaldian gazteen eta euskal preso politikoen presentzia ere nabarmena izan zen. Goio Acero Esaiteko lagunak, Christian Reinicke Getxo Bizia herri plataformako kideak eta Iratxe De Diego gazteak, hurrenez hurren, ezker abertzalearen ibilbide historikoa eta Lemoiz geldiarazi izana, azken lau urteotako “apartheid politikoa” eta “herri programa” (pdf) izan zituzten hizpide. Marije Fullaondo irakasle algortarra, Batasuneko mahaikidea eta ASBko fundatzaileak, berriz, egoera politikoaren irakurketa politikoa egin ondoren ezker abertzalea hauteskundeetan egongo dela ziurtatu zuen eta berau bozkatuz, “bakea ekarriko lukeen marko proposamena” bultzatu eta EAJ eta UPNren “alternatiba soziala, ekonomikoa eta kulturala” bideratuko dela agindu zuen. Horietaz gain, Itxaso Paya, Arrate Illaro eta Jone Uria bertsolarien doinuak, txalapartaren ttakun hotsak, trikitixa eta bideoak, Getxo udalerriko presoen eta Getxoko Abertzale Sozialisten dozenaka kideen agerpenak osatu zuten ekitaldia. Argazki gehiago hemen eta ekitaldiko testu batzuk hemen ikus daitezke.

Ekitaldia, Getxo udalerriko auzo, herri, hondartza, gaztetxe, baserri, kosta, errotulu erdaldun eta diglosiko, presoen aldeko eta Lurralde Zati Planaren aurkako horma-irudi edota Getxoko auzotarrek famatu bihurtu duten zapi berdearen argazkiekin hasi zen. Ondoren, txalapartaren doinuak entzun eta Jone Uria bertsolari getxoztarrak, publiko artean negu osteko udaberriari ongi etorria eman zion: “badatoz ba loreak ta udaberria / herritik eraikiko baitugu herria”. Getxo Antzokia orduan, “No apartheid” logoak bete zuen eta bere atzean agertu ziren zapalketa politikoa jaso duten pertsona multzoak: palestinarrak, vietnamekoak, indiarrak, Hego Afrikakoak, irlandarrak, emakume sufragistak...; zein zapalketa hori gainditzeko urrats erabakiorrak eman dituztenak, Mandela edota ume palestinarrak kasu. Bideoa Ertzaintzak itxi zuen, ezker abertzaleko hainbat kideei oldartuz.

Presoak, Dabid eta Goliat

Horren ostean, Arrate Illarok antzokiko ateak irekiz ongi etorria eman zien Getxoko euskal preso politikoei eta beraien senideei, bildutakoen txalo zaparraden artean. Guztiak oholtza gainean igo eta Goio Acero Esaiteko kide ezagunak hartu zuen hitza. Getxoztarrak gogoan hartu zuen garai batean “Lemoizko zentrala gelditzea ezinezkoa ematen zuela, baina Dabid txikiak Goliat erraldoi politiko eta ekonomiko guztiz ahalduna garaitu zuen”, “milaka eta milaka” pertsonek egindako “borrokari” esker. NATOren erreferenduma irabazi izana, euskarak ezker abertzalearen barruan izan duen bilakera, “Gara” eta “Berria” egunkariak egunero “gure eskuetan egotea”, eta Amaiur, Gernika edota Trantsizioa gainditu dituen Euskal Herria eta ezker abertzalearen biziraupena ere aipatu zituen “borrokak” emandako emaitzen adibidetzat. Eta borroka hori “sufrimendua” ekarri arren, borrokari ezker “askatasunaren trenak bere ibilbidea jarraitzen du, egunero nazioa eta sozialismoa eraikitzen” eta “tren honen energia, motorra borroka da” esan zuen Acerok: “gure preso, iheslari, errefuxiatu eta borrokan erori direnek” erakutsi bezala. Euskal presoen aldeko txalo zaparradaren ostean, Itsaso Paya ere batu zitzaion Goio Aceroren gogoari: “txanpaina hotsak sortu dezala / askatasun irrintzia”.

Ustezko ezkerreko alderdiak, tasa igoerak eta debekuak

Orduan, trikitilariek isiltasuna moztu eta Euskal Herri Berriaren bideoak iluntasuna ebaki zuen. Arrapaladan, BECeko ekitaldia, hautes elkarteen aurkezpena, sinaduren bilketa eta horiek lortu osteko zoriontzea pasatu ziren Getxo Antzokian bildutakoen begi aurretik, hauteskundeetan egoteko ezker abertzaleari jarritako trabak ezin ahazturik. Baina, Jone Uriak esan bezala, “edozer gauza eginda ere / ez gaituzte isilduko”. Eta Uriari arrazoia emanez hasi zuen hizketan Christian Reinickek, Getxo Bizia herri plataformako kidea. Reinickek “Apartheideko garaian Getxon udaletxe antidemokratikoa osatu zutela” hartu zuen gogoan: “ustez ezkerreko alderdia zena Getxo Biziari aulkia kendu eta EAJ eta EArekin batera, aulki hori baliatu zuen eskumako politika egiteko”. Ezker Batuari eta hiruko gobernuari leporatu zizkion, besteak beste, zaramako tasak bikoiztu izana; gastu soziala murriztea; Itzubaltzeta / Romoko Autogestio Eguna eta I. Koadrilen Eguna eta Algortako VII. Indaba bezalako ekimen herrikoiak debekatu izana; Galdaretxe hondatzea; etxebizitza arazoan ezintasuna ezkutatzeko Getxoko makroproiektua ekartzea, “Getxok dituen zabalgunea eta berdegunea” ezabatuko lituzkeena; Getxoko zaborrak erretzera bidali izana; jai parte hartzaileak ez direnak parte ahrtzaileak direnak baino askoz gehiago nahiago izatea eta suspertzea... Baina, “apartheid” iraun duen lau urteetan, Reinickeren arabera ezker abertzaleak “erein egin du” eta hainbat lan eta proposamen egin ditu.

“Gatazka politiko-armatuaren” balizko amaiera

Ondoren, Getxoko Abertzale Sozialistak hautes elkarteko dozenaka kide atzean zituela, Iratxe De Diegok ezker abertzaleak diseinatutako herri programaren zutoinak azaldu zituen, udalerri euskaldun, feminista, gaztea, internazionalista eta ekologista egiteko, etorkinen eta bestelako herritarren eskubideak defendatuz, etxebizitzan, enpleguan, merkataritzan, hezkuntzan, kirolan eta kulturan herritarren parte hartzea sustatuz eta deszentralizazioa eraginez. Une horretan, Arrate Illarok Marije Fullaondori agertzeko eskatu zion.

Euskaraz eta gazteleraz egindako adierazpenetan, Fullaondok zoriondu zituen bertako ezker abertzaleko militanteak: “hemen haragitan zaudetenok zein argazki baten bidez daudenak, hemen ezin direlako haragitan egon”, “zoro moduan” sinadurak batzen egindako lanagatik. Era berean, lortutako emaitza goraipatu zuen: Euskal Herrian 83.500 bat sinadura eta ia 1.800 Getxo udalerrian. Lan hori guztia “Gatazka politiko-armatua konponbidean jarriko duen prozesuaren eta hauteskunde demokratikoen aldeko urrats sendoatzat” jo zuen. Batasuneko mahaikidearen ustez, sinaduren babespean, “aurrera egingo du ezker abertzaleak. Aurrera borroka fronte guztietan. Aurrera prozesuan eta aurrera hauteskundeetan”. Dena den, argitu zuen “hauteskunde hauek ez direla ohikoak”, udalak eta Batzar Nagusiak baino gehiago “gatazka politiko-armatua behin betiko konponduko duen prozesuari bultzada emateko aukera” dagoelako jokoan. Eta zerrendatu zituen ETAk su etena iragarri zuenetik ezker abertzaleak emandako pausuak gatazkaren konponbideari begira: “elkarrizketa politikoetarako mahai gainean eskaintza zehatzak jarri, Marko Demokratikorako proposamena aurkeztu, eragile guztion aukera berdintasuna bermatzeko ASB erregistratu, hautesle elkarteak sortu, horiek babesteko sinadurak bildu ... ezker abertzalea, beraz, ez dago geldi, arrisku guztiak asumituz, etengabe ari da gatazkaren konponbidea ahalbidetuko duten urrats eraikitzaileak ematen”.

“Alternatiba soziala, ekonomikoa eta kulturala”

Baina, ezker abertzalea ez bezala, kexatu zen PSOE eta EAJk “ate guztiak ixten dituztela” eta “beraien interesak zaintzeko” nahiago dutela “apartheiderekin” jarraitu, “oposiziorik gabe EAJk eta UPNk poltsikoak betetzen jarraitzen dutela” eta galdera ikurren artean jarri zuen EAJk eta PSOEk bakea eskuratzeko agertzen duten borondatea. Aldiz, ezker abertzaleak bere garaian ETAk, IKk eta HBk jarritako oinarriei jarraituz aurekztu berri duen Marko Demokratikoaren proposamenaz, “bakea ekarriko” lukeela iritzi zion. Are gehiago, herritarren borondatez sortuko liratekeen Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeentzako eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeentzako autonomiak eta erabakitzeko eskubidea eskatzen duen proposamena maiatzaren 27ko hauteskundeetan jokoan egongo dena ziurtatu zuen Fullaondok. Denan den, gatazka politikoaz haratago joan zen Marije Fullaondo bere mintzaldian: “ezker abertzaleari bozka ematen dionak beste zerbaiti ere emango dio bozka. Asko eskaintzen du ezker abertzaleak hauteskunde hauetan. Aldaketa eskaintzen du. Herri alternatiba bat eskaintzen du; alternatiba soziala, ekonomikoa eta kulturala, EAJ eta UPNtik oso urrun dagoena”. Era berean, azken lau urte hauetan Getxon ezker abertzalea “oposizio bakarra” izan dela frogatuta gelditu dela gaineratu zuen Fullaondok, “orain arte inork ez diolako aurre egin eskumako politikari”. Horregatik, “Euskal Herri berriari ateak irekiz, autodeterminazioa eta lurraldetasunari bide emanez eta gure herria ezkerretik eraikitzera” deitu zuen. Fullaondok amaituta, Itsaso Paya bertsolariaren txanda izan zen: “Mendian gora Getxo berria / badugu nahiko merito / gailurreraino iritsi arte / ez dugu inola etsiko / gure herria, gure izena / gurea da eta kitto / (...) / ozen kantatzen duen herri bat / ez delako inoiz hilko”. Ondoren, “Eusko gudariak” abestuta amaiera eman zioten ekitaldiari.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun