Bihar hasiko da Getxoko XXXI. Nazioarteko Jazzaldirako sarreren salmenta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 1a, 18:01

Asteazken honetan hasiko dira saltzen uztailaren 4tik 8ra bitartean ospatuko den Getxoko XXXI. Nazioarteko Jazzaldirako sarrerak. BBK-ko orotarako kutxazain automatikoetan, 944 310 310 (BBK) eta 944 319 280 (Getxoko Kultur Etxea) telefono zenbakien bidez, www.bbk.es webgunean eta Getxoko Kultur Etxeko bulego nagusian erosi daitezke sarrerak. Ohikoa denez, ordaintzeko kontzertuak Algortako Biotz Alai plazan egiten direnak izango dira; Getxo Antzokian eskainiko diren emanaldiak, aldiz, doakoak izango dira. Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren hogeita hamaikagarren programak baditu jada izen nagusiak. Aurtengo kontzertu nagusien protagonistak honako hauek dira: Chucho Valdés, Lee Konitz, Charlie Haden, Jan Garbarek eta Aldo Romanok, Louis Sclavisek eta Henri Texierrek osatutako hirukotea. Kontzertu nagusiez gain, Talde Lehiaketaren eta "Hirugarren Milurtekoa"ren saioak ere izango dira. Guztira, 15 kontzertu egongo dira, eguneko programazioa amaitu eta gero ospatuko diren Jam Sessionak ahaztu gabe. Ohi bezala, Talde Lehiaketaren saioak eta kontzertu nagusiak Biotz-Alai plazan izango dira, 21:30etik aurrera, eta "Hirugarren Milurtekoa" atalaren saioak, Getxo Antzokian, 19:30ean. Argazkian, Charlie Hadenen Quartet West taldea.

Getxo Jazz 2007 hasiera emateko arduraduna Aldo Romano bateria-joleak, Louis Sclavis klarinete-joleak eta Henri Texier kontrabaxu-joleak osatutako hirukotea izango da. Taldeak 1990 abiatu zen lehenengo aldiz, Afrikan zehar bira bat egiteko. 1995. urtean ere bildu zen hirukotea "Carnet de Routes" diskoa grabatzeko eta 1998an berriro ere elkarrekin jardun ziren Kontinente Beltzean jotzeko. Azken bira honen emaitza "Suite Africaine" diskoan bildu zen. Horretan lan dotorea egin zuten; kultur anitzeko atmosferaz blai, hiru artistek erakusten dute proiektu horren musika etengabeko bilakaeran dagoela eta hainbat kultura hartzen dituela elikagai. Azken urteotan hirukoteak aldizka bildu da birak egiteko eta beste disko bat grabatzeko, Afrikara eginiko bidaietan oinarrituta.

Biharamunean, uztailaren 5ean, Paolo Fresu eta Uri Caine txanda izango da. Paolo Fresu eta Uri Caine jazza ulertzeko bi era uztartzeko asmoz elkartu dira proiektu berri honetan. Bi artista hauek azken urteotan egin dituzten elkarlanen fruitua "Things" diskoan batu da. Lan horretan haiek berek sortutako konposizioak eta "Everythiing Happens to Me" edo "Cheek to Cheek" bezalako estandarrak bildu dituzte. Italiako jazz artistarik ospetsuenetariko bat da Paolo Fresu nazioartean. Melodia garbiak, bere moldaketen erro Mediterraneoko lirismoak eta ikerkuntzarako gogo handiak ospe handia eman diote. Tronpeta-jole, fiskorno-jole, konpositore eta moldatzaile aritu da Fresu bere jardueran. Teknika fina du, eta bere musika-lengoaiak, naturala eta benetakoa, emozioak transmititzeko gai da. Bestalde, Uri Caine artista eklektikoa da, trebakuntza sendoa eta anitza izan du eta, bere ustez, jazz musika etengabe aldatzen den soinua da. Hori dela eta, musikari ausarta bilakatu da Caine. Musika klasikoa, doinu elektronikoak, swinga eta funka jazzarekin uztartzeko gai. Philadelphian jaioa, balio anitzeko piano-jolea da, edozein proiektu aurre egiteko eta zenbait estilotako musikarirekin jotzeko gauza dena.

Asteburu oparoa

Hirugarren egunean, jaialdiak bide erdia beteko du Charlie Hadenen Quartet Westaren eskutik. Haden arrakasta handiko musikagile eta kontrabaxu-jole ipar amerikarra da. Orain dela bost hamarkada abiatu zen musikaren munduan, pasa den mendeko 50eko hamarkadako azken urteotan, Ornett Coleman jazz modernoaren artista handia izan zenaren eskutik. Berarekin aritu zen Haden eta, handik gutxira, freejazz izeneko estiloaren norabidea hartu zuen. 60ko hamarkadan bere jarduera gero eta arrakastatsuago bilakatu zen eta hainbat bira egin zituen artista eta talde ospetsuekin. Garai horretan ere Liberation Music Orchestraren baitan jardun zen. Talde honen musikak mezu politiko argia zuen. 80ko hamarkadako amaieran estilo berria garatu zuen Quartet West laukotean. Taldearen izen bera zuen diskoa kaleratu zuen eta berehalako arrakasta lortu zuen: lan hori gaur egungo jazzaren ezinbesteko erreferentzia bilakatu zen. Ordutik hona Haden hainbat proiektutan parte hartu du eta horietan guztietan asmamen handia erakutsi du.

Laugarren egunean, larunbatean, Lee Konitz konpositore eta saxo-jolea arituko da Getxon, bederatzi musikariz osatutako taldearekin. Konitz (Chicago, 1927) Lennie Tristano piano-jole ospetsuaren eskolako ikasle onenetariko eta heterodoxoenetariko bat da. Claude Thornhillen orkestran hasi zuen Konitzek bere jarduera profesionala eta, ondoren, Miles Davisen Nonet Capitolean aritu zen. Bertan bi urte eman zituen eta, handik gutxira, Lennie Tristano, Stan Kenton eta jazzaren beste hainbat artista handirekin jotzen hasi zen: Charles Mingus, Gerry Mulligan, Paul Bley, Don Friedman, Joe Henderson eta Elvin Jones, besteak beste. Konitzen musika ezinbesteko musika-erreferentzia da Estatu Batuetako mendebaldeko kostako musikari zurientzat eta cool jazz musika-korrontearen artistentzat.

Azkenik, jaialdiari 2008ra arte agur esateko, aurtengo edizioaren artista nagusienetako bat arituko da: Chucho Valdés, hain zuzen ere. Piano-jole, organo-jole eta musikagile hau munduko piano-jole onenetarikoa da eta Kubako artista handien artean dago. Haurra zela pianoa jotzen hasi zen aitaren babespean, Bebo Valdés musikari handia, alegia. 14 urte zituela aritu zen lehenengo aldiz musikari profesional bere aitak zuzendu egiten zuen Sabor de Cuba orkestran. La Habanako Udal Kontserbatorioan osatu zuen bere prestakuntza Ángela Quintana, Zenaida Romeu eta Rosario Franko musikarien eskutik. Ondoren, La Habanako Arte Unibertsitatean graduatua zen eta honako proiektutan parte hartu zuen: Habanako Musika-Antzokiaren orkestra, Musika Modernoaren Orkestra Kubatarra eta Irakere taldea, besteak beste. Oso gazte zela Latin Jazzaren eta Afrocuban Jazzaren munduko goi-mailara ailegatu zen Valdés. Bere jardueran makina bat sari jaso du eta, horien artean, lau Grammy sari.

Agertokiak

Urtero bezala, jazzaldiak hiru kontzertu mota izango ditu. Biotz Alai plazan Talde Lehiaketako emanaldiak eskainiko dira 21.30ean. Horien ondoren, agertokira artista nagusiak eta eguneko talde garrantzitsuenak igoko dira. Bestalde, "Hirugarren Milurteko" ataleko kontzertuak Getxo Antzokiko plazan izango dira. Bertan jazz banda gazteek beraien freskotasuna eta musika genero honi egindako ekarpen berriak erakutsiko dituzte.

Azken finean, Getxoko XXXI. Nazioarteko Jazzaldi honek nazioarte mailako artista garrantzitsuenen emanaldiak antolatu ditu berriro ere. Aldi berean, artista berriei jendaurrean beren burua ezagutarazteko aukera ematen die. Europako, AEBetako, Euskadiko eta estatuko gainontzeko tokietako taldeak eta artistak Getxon bilduko dira, denera, 15 emanaldi eskaintzeko. Ez dira ahaztu behar Jam Sessio-ak: Algortako The Piper´s Irish Puben izango dira, Biotz Alai plazako emanaldiak amaitu ondoren. Bost egunetan zehar, jazzaren soinuek Bizkaiko udalerri honetako kaleak beteko dituzte. Musika ona gogoko duten guztientzat lehen mailako bilgune bihurtuko da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun