Joan den ostiraleko udalbatzarrean, Hiri Antolamendurako Plangintza Orokorrean (HAPO) aldaketa zehatza egiten hastea onartu zuten, Zubilletako 36. eremuari dagokionean (OICOSA eta poligono zuriaren artean), Algortan. Horrek 365 etxebizitza altxatzea ahalbidetuko du, eta horietatik 135 babes ofizialekoak izango dira. Hartara,
Getxoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatu zuten duela urte eta erdi. Halere, prozesua geldotu egin da “HAPOren diseinua alde horretarako ez baitzen egokiena”, Iñaki Urkiza Etxebizitza eta Hiri Planeamendurako zinegotziaren ustez, eta gainera, “bertan dauden etxeen bi herenak botatzea proposatzen zuenez, kaltetuak izango ziren auzokideek horren aurkakoak ziren”. "Eurekin asko eta asko berba egin eta gero, akordio batera iritsi gara eta bizilagunek beraiek egin dute diseinu proposamen berria (seigarrena) euren etxeak onik ateratzeko, eta era berean, BOE berriak egin ahal izateko", azaldu zuen. Erabakia EAJ, EA eta EB-Berdeak taldeen aldeko bozekin eta PPren eta PSE-EEren abstentzioarekin atera zen aurrera. Argazkian, Santa Anako BOEen eraikuntza lanak, Areetan.