Udalak, hasiera batean, gotorlekua eta harresia konpontzeko lanak kostu handikoak izango zirela uste zuen. Hala ere, Aranzadi elkarteak eginiko arkeologia-lanen ostean, eta Eusko Jaurlaritzarekin izandako bileren ostean ere, ondorioztatu dute behar horiek ez direla hain neketsuak eta garestiak izango. Iñaki Zarraoa alkateak azaldu zuenez, “gotorlekuaren ingurua babestu eta lan batzuk egitea baino ez da behar, eta inbertsioa, 50 urterako izateaz gain, ez da oso handia izango”. Horrez gain, bere esanetan, kokapena oso egokia da, inguru ederra delako, bertatik jende asko igarotzen delako, eta jantokiaren ondoan aparkalekua dagoelako. Horregatik, esan zuen Zarraoak, “ziur gaude lehiaketara izen handiko enpresak aurkeztuko direla”.
Indarrez desjabeturiko orubeak Villamonten
Horrez gain, udalbatzak Algortako Villamonteko plazan orube batzuk nahitaez desjabetzeko lehen urratsa ere eman zuen ostiraleko saioan, inguru horretan sarbide mekanikoak egiteko. Udalak 257.000 euro erabiliko ditu proiektu horretarako eta,HAPOn zehazten denez, plaza hori ekipamendu publikorako baino ez dute erabiliko.
EAJ, EA eta EB-Berdeen aldeko botoekin onartu zuten, joan den ostiralean izandako udalbatzarrean, Galeako gotorlekuan ostalaritzako establezimendu bat eraikitzeko eta ustiatzeko baldintzen plegua eta lehiaketaren deialdia. PP eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten. Gune horren gainean, 50 urtetarako eskubidea ematen du esleipen horrek, eta urteko, gutxienez, 6.250 euro ordaindu behar ditu esleipena lortzen duen enpresak, prezio hori urtero Kontsumorako Salneurrien Indizearen (KPI) arabera egokituko dutela. Lehiaketa publikoan parte hartu nahi duten enpresek hiru hilabeteko epea izango dute euren proposamenak aurkezteko. Esleipena lortzen duenak egungo instalazioak atondu beharko ditu, bertan 300 metro koadro inguruko gune berri bat eraiki ahal izateko. Lanak amaitzeko, bestalde, 27 hilabeteko epea aurreikusi dute. Argazkian, Galeako gotorlekua.