Euskal Herria eta langileen eskubideak defendatzeko deia egin du LABek Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 2a, 00:12

Ehunaka pertsonak parte hartu du gaur goizean "Autodeterminazioaz aldaketa garaia. Euskal Herria gorrira" lelopean LAB sindikatuak Maiatzaren Lehena aldarrikatzeko Algortan burutu dituen manifestazioan eta mitinean. Jose Antonio Torre Altonaga "Medius" (mp3) bezalako militante historikoen aurrean, LABeko sindikalistek Txiki eta Otaegi plazan egindako ekitaldian, omenaldi txiki bat egin diete langileen eskubideak defendatzeko errepresioa pairatu zuten aurreko belaunaldietako militanteei. Aner Petralanda (mp3) ezker abertzaleko kidea, Txanba Payes (mp3) El Salvadorko kantautorea eta Fernando Saenz (mp3) LABeko Eskumaldeko arduraduna izan dira ondoren, une politikoaren garrantzia azpimarratzen eta Euskal Herriaren, hiritarren eta langileen eskubideak defendatzeko deia egiten. Horretarko, datorren hilaren 27an burutuko diren udal eta foru hauteskundeak zein enpresa eta atal sindikal guztietako lan hitzarmenen borrokak baliatzeko eskatu dute. Argazki gehiago hemen ikus daitezke. Audio guztiak Koska irratiak utzitakoak dira.

Aner Petralanda ezker abertzaleko kideak Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubidea onartua izan dadin egun dagoen aukera pasatzen ez uzteko eskatu du eta marko demokratiko baten eraikuntzarekin estu lotu du. Era berean, gogoan hartu ditu Euskal Herriaren alde borrokatu eta "dena eman" duten gudariak, presoak, militanteak zein sasietan ibilitakoak. Eta haiek bezala, "antolakuntza eta borroka"ren bidetik jarraitzeko eskatu die LABeko kide eta zaleei.

Hilaren 27an, elkarrizketaren aldeko botoa

Berriz, kritika zorrotzak bota ditu EAJren aurka, langile eta hiritarren "eskubideak negozio bihurtu duen 'Partido del Negocio Vasco'"tzat joz. Petralandaren aburuz, "gaur ELAko manifestazioan izan diren milaka lagunen alderdiak urtero 150 bat langile hiltzen ditu" eta, besteak beste, euskara zapaldu, gaztetxeak desalojatu, Lemoizen zentral berri bat onartu eta gazteak egurtzeaz gain "maletinen alderdia" ere bada.

Baina, EAJz haratago, Ezker Batua, EA, Aralar "eta pastelaren zati bat nahi dutenei" ere negozioa bukatu zaiela iritzi dio, "ezker abertzalea honekin apurtzera datorrela". Bestalde, "prozesua aurrera egiteko" ezker abertzalea hauteskundeetan egoteko dagoen beharra eta behin behinekotasuna eta deslokalizazioaren aurka zein langileen eta Euskal Herriko hizkuntza eta kulturaren aldeko botoa ezker abertzalekoa dela nabarmendu ditu. Horregatik, hilaren 27an "herri bat garela, konponbidearen alde gaudela" eta elkarrizketaren alde botoz agertzeko eskatu du.

Autodeterminazioa

Askoz doinu lasaigoan, gitarraren dakordeei jarraituz, aritu da Txanba Payes abeslaria. Animaliak protagonista hartuta, "Garezurraren dantza" alegiaren bidez kapitalismoaren aurka antolatu eta borrokatzera deitu du El Salvadortik etorritako kantautore euskal herritarra.

Azkenean, Fernando Saenz LABeko Eskumaldeko arduradunaren txanda izan da. Berak ere gogoan izan ditu "gurekin ezin egon diren milaka eta milaka" preso, errefuxiatu eta errepresaliatuak. Saenzek "berdin-berdinak" diren EAJ eta UPNren politika ekonomikoekin amaitzeko "politika berriak" behar direla azaldu du. Era berean, Euskal Herrian dauden proiektu politiko guztiak gauzagarriak bihurtzeko eta herriaren borondatea errespetatzeko aldaketa baten beharra nabarmendu du: "LABetik berriro ere autodeterminazioa eskubide demokratiko eta giza eta lan eskubideen berme gisa jartzen dugu". Baina, ohartarazi du, prozesu politikoa eta giza eta lan eskubideen borroka bideragarriak egiteko "hauteskunde demokratikoak" burutu behar dira eta "ezker abertzalerik gabe hauteskunde demokratikorik ez dago" abisatu egin du Saenzek.

Bestalde, hainbat lan hitzarmen negoziatzeko garaia heldu dela, negoziazio horretan indarrak batzea eta enpresarioen aurka era bateratuan jotzea "behar-beharrezkoa" dela gogoratu du Eskumaldeko arduradunak. Internazionala eta Eusko Gudariak abestuta, bukatutzat eman dute ekitaldia eta 14:30ean, herri bazkaria egin dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun