Laugarren urteurrenarekin bat eginez, maiatzaren 2tik 5era bitartean antolatu ditu Luznegra Jardunaldiak izen bereko kolektiboak. Hain zuzen, Leioako Udondo gaztetxea izango dute topaleku azken egunean, hau da, larunbat honetan. Horrenbestez, Bilbo aldetik Uribe Kosta eskualdeko gune autogestionatu horretara igarota, 17:00etan emango diote hasiera egun horretako egitarauari: "Heziketa alternatibak, unibertsitatetik aratago" gaitzat hartuta hitzaldia emango dute, ordu horretan. Baina ez da guztia solasaldia izango, festarako ere aukera egongo da. 20:00etatik aurrera, kontzertua emango dute Karnvapen Attack (Zaragoza), Cordura (Bilbo), Kosetxa Propia (Galdakao) eta Lucha x la Rabia (Kantabria) taldeek -zehazteke oraindik-. Sarrerak 3 eurotan izango dira eta, horrekin batera, Luznegra fanzina oparituko dute. Argazkian, Udondo gaztetxea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!