Erandioztar bat atxilotu dute emaztea kolpatu duelakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 2a, 22:23

Ertzaintzak J.U.M.J. 30 urteko gizonezkoa atxilotu zuen ostiral gauean, genero-indarkeria delitua egotzita. Horretaz gain, bertan 63 urteko C.P.C., emakumearen aita, ere atxilotu zuten bere alaba defendatzerakoan, ustez aizto batekin, erasotzaileari zango batean lesioak eragiteagatik. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak zabaldutako bertsioaren arabera, 22:00ak pasata zirenean, Astrabuduako etxebizitza batean jazotzen ari zen liskar baten berri izan zuen polizia autonomikoak. Patruila autoa bertaratu zenean, hanka batean odola zerion zauri bat zeukan gizona aipatutako etxearen ataritik kanpora zihoan. Honek ganibet batekin eraso ziotela adierazi zien agenteei. Jarraian, ertzainak gertakariak jazo ziren etxera joan ziren, eta zaurituaren emazteak hartu zituen. Honek esan zienez, eztabaida baten ostean, bikotekideak jo egin zuen. Etxeko beste gela batean zegoen biktimaren aitak alabaren alde egin zuen, eta bi gizonak borrokan hasi ziren. Auskan ari zirela, arma zuriz, labana batez, zauritu zen senarra. Salatzaileak, gainera, tratu txarrak eta mehatxuak ohikoak zirela adierazi zien agenteei. Argazkian, emakumeen aurkako erasoak salatzeko, Getxoko Bilgune Feministak Algortan egindako kontzentrazioetako bat.

Azkenean, agenteek emakumearen aita eta bikotekidea atxilotu zituzten. Aitak beste gizonezkoari aizto bat sartu izana aitortu zuen; bigarren gizona, berriz, bikotekideari eraso egiteagatik atxilotu zuten. Aita eta alaba Areetako anbulatoriora eraman zituzten; ezkonlaguna, aldiz, Gurutzetako Ospitalera eroan zuten. Ertzainek dirudienez borrokan erabilitako labana hori konfiskatu zuten. Larunbat goizean geratu ziren bi atxilotuak epailearen esku, behin polizia-eginbideak bukatuta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun