G8 gailurraren aurkako protestan parte hartzera deitu du Udondo gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko uzt. 3a, 22:04

G8 Akatu plataformak uztailaren 5ean, larunbata, Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin zion euskal gizarteari, atzo eginiko agerraldian (argazkian). Mobilizazio hau, "militarki eta ekonomikoki boteretsuenak" diren 8 herrialdeetako agintarien batzarra dela eta antolatu da. Nazioarte mailan egingo den protesta da etzikoa, G8ren kontrako nazioarteko egunaren barruan. G8 Akatuk, larunbata egun garrantzitsua dela adierazi zuen, "milioika pertsonek egun berean eta ordu berean adieraziko baitituzte G8ren aurka dituzten ideiak eta iritziak". Plataformak azaldu zuenaren arabera, G8ko agintariek Japoniako Hokkaido hirian egingo duten batzar horretan ingurumena, gerra, immigrazioa edota ondasunen mundu mailako banaketaren inguruan erabakiak hartzen ahaleginduko dira, "AEBren zuzendaritzapean". Estatu horien politika gogor kritikatu zuten, "munduko herritar xumeenen kontrako erreforma neoliberalaren erasoaldi berria" delako. Errepresioa, esplotazioa eta eskubideen urraketa oinarri dituzten politika horiek ardatz harturik, estatuek beren nagusitasuna eta transnazionalek mozkin amaigabeak izatea bultzatzen dutela salatu zuten mugimendu antikapitalistako kideek. Horrenbestez, larunbatean, arratsaldeko 8etan abiatuko da manifestazioa Arriaga antzokitik. Besteak beste, Leioako Udondo gaztetxea dago deitzaileen artean.

G8 Akatu plataforma, orain dela bi urte sortu zen Euskal Herrian, G8 Akatu Mugimendu Antifaxista eta Antikapitalista izenarekin, "inposizio inperialisten kontra borroka egiteko". Azaldu zutenaren arabera, dagoeneko 40 eragilek baino gehiagok bat egin dute plataformarekin. Ikuspuntu eta izaera desberdineko bultzatzaileak daudela azpimarratu zuten; eragile politikoak, sozialak eta sindikalak batzen dituztela argitu zuten.

Bilboko Plaza Biribilean adierazi zuten inposizio inperialistaren aurkako borroka ez dela abstraktua. Izan ere, borroka hori zabala da eta agerpen desberdinak ditu gaur egungo gizartean: "inperialismoaren aurkako borroka ikasleek Bolognaren kontra egiten duten borroka da; gazteek etxebizitza eskubidearen alde egiten duten borroka da; patriarkatua eta heterosexismoaren aurkako borroka da, bai eta biolentzia sexistaren eta bizitzaren garestitzearen aurkako borroka ere". Gainera, euren subiranotasuna gauzatzeagatik blokeoa, gerra eta esku-hartzea pairatzen duten herrien borroka nabarmendu zuten.

Mugimendu antifaxista eta antikapitalistako bozeramaileek esandakoaren arabera, "globalizazioa elur bola erraldoi bat da", enpresa handiek kontrolatzen dutena. Enpresa horiek dagoeneko herri eta gobernu askok baino botere gehiago daukate eta haiei dagokie mundu mailako erabakiak hartzea. Esate baterako, euren esku dago mundu mailako merkatua mugitzea. Beti ere "euren interesen eta nagusitasunaren mesedetan, gosea eta gerraren sekularizazioa eraginez".

G8 Akatu plataformak plazaratutako oharra:

Kapitalismoa herrien eta langileen etsaia!

Japonian, militarki eta ekonomikoki boteretsuenak diren 8 herrialdeetako agintariak, AEBk zuzenduta, ingurumena, gerra, inmigrazioa edota ondasunaren mundu mailako banaketaren inguruan erabakiak hartzen ahaleginduko dira.

Krisi ekonomikoa eta gosete gorrietan blai gaudenean, munduko estratu herrikoien kontrako erreforma neoliberalezko erasoaldi berria prestatzen dabiltza euren politikei beste buelta bat emateko: errepresioarena, esplotazioarena, lortutako eskubideen urraketarena, gosea eta gerraren sekularizazioa euren nagusitasuna eta transnazionalen mozkin amaigabearena.

Honen guztiaren aurrean, barrikadaren kontrako aldean, bestelako mundu baten alde borrokatzen gabiltzanok, langileria, ikasleria, emakumeok, gazteok, etorkinok, esplotazioa eta diskriminazioa pairatzen dugunok gaude.

Inposaketa inperialisten kontrako borroka ez da borroka abstraktua, ikasleen Bolognaren kontrako borroka da; gazteon etxebizitzaren aldekoa da; soldatapeko langileen Osasunaren pribatizazioaren kontrakoa da; patriarkatua eta heterosexismoaren aurkako borroka da, biolentzia sexistaren eta pobreziaren hazkundea eta honen feminizazioaren kontrakoa; bizitzaren garestitzaearen kontrakoa; eredu energetikoa, garraioa eta azpegituren kontrakoa; gure nortasuna eta kulturaren onarpen ezaren kontrakoa; arrazakeria, errepresioa eta faxismoaren garaperenaren kontrakoa; euren subiranotasuna gauzatzeagatik blokeoa, gerra eta eskuhartzea pairatzen duten herrien borroka da!!

Euskal gizarteari deia egiten diogu, G8aren kontrako nazioarteko egunean, uztailaren 5ean, Bilbon, arratsaldeko 8etan Arriaga antzokitik abiatuko den mobilizazioan guztiok bat egiteko. Herri osoa bat eginik, inposaketa, gosetea eta gudaren politikei aurre egiteko, eta gure aukera diren demokrazia, bakea, ongizatea eta elkartasuna aurrean jartzeko.

Aldea, Aralar, Barakaldo Naturala, Beasaingo gaztetxea, Gazte Komunisten Kolektiboak (CJC), EHGAM, Euskadi-Cuba, Eraldatu, Ezpitsua plataforma ekologista, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), Euskal Herriko Brigada (G8 Japonia), Euskal Herriko Komunistak, Gazte Komunistak, Gaztehgam, Gazte Komunisten Batasuna, KEM-MOC, Iratzarri gazte erakundea, Irola irrati librea, JCE (m-l)/ Kakitza, Kamaradak, Komite Internazionalistak, La kelo gaztetxea, La Puebla talde bolibartarra, Lizarrako gaztetxea, Mugarik Gabe, PCPE-Euskal Herria, Pintxo Gorria, Sanblaspiko gazte asanblada, Sare Antifaxista, EILAS, Udondo gaztetxea, Urduñako gazte asanblada eta Zazpi katu gaztetxea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun