CNT sindikatua
Mec Mec pizzeria taldean atal sindikala legeztatu ostean delegatuaren aurkako espedientea ireki dutela salatu du erakunde anarkistak. Bi burofaxen bidez, enpresak bi falta larri eta bat arin egin izana leporatu zion langileen ordezkariari "salaketa faltsupean". Maiatzaren 22an ezarri zioten zigorra alegazioen epea bukatu ostean. Azkenean, enpresak bi falta larriengatik lana eta soldata 20 egunez kentzea eta arinagatik amonestazioa jarri zion zigor gisa lan delegatuari. Horren aurrean, CNTk enpresarekin jarri zen harremanetan espedientea bertan behera utz dezan eta, egiteko asmorik ez duenez, pasa den
martxoan bizi zen gatazka berriro irekitzea erabaki du. Sindikatuak Daniel Oñate eta Oscar Buron pizzeria taldearen arduradunei leporatzen die " langileek beraien eskubideez jabetzeko saiakeraren aurrean errepresioaz eta gezurrez erantzutea". Argazkian, Sopelako Mec Mec pizzeria.