Apartamentu guztiek, bat izan ezik (gela bat gehiago daukanez handiagoa delako), 35 bat metro koadrokoak dira. Logela bat, sukalde amerikarra, egongela, bainugela egokitua eta ganbara dute –azken hau teilatu azpian-. Telealarma zerbitzua daukate guztiek eta, hortaz, larrialdi baten aurrean, larrialdi zerbitzuak edo etxekoak deitu ahal izango dituzte. Apartamentu bakoitzaren zaharberritze lanek –altzariak ere barruan sartuta- 48 bat mila euroko kostua izan dute.
Leku onean
Eraikinak beheko solairu bat eta beste hiru altuera ditu eta bertan pertsona gutxituak -down sindromeak jota daudenak- bizi dira beste bi etxebizitzetan. Etxearen kanpo aldean lorategi txiki bat dago eta hau ere laster txukundu eta apainduko dute bertan bizi direnek erabiltzeko. Etxea, gainera, Zarraoak nabarmendu duenez, “leku onean dago, etxetik atera, paseoan ibili eta lagunekin egoteko moduko lekua da, erdigunean, eta auzo bizitza egin dezaten nahi dugu”. Aipatu azkenik, babespeko apartamentu hauetan biziko diren pertsonek bere burua gobernatzeko gai ez diren unean udal zaharren etxean sartzeko eskubidea izango dutela.