Berdeek, auzotarrek eta independenteek hautes-zerrenda bateratua osatu dute Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 3a, 21:27

Getxo aldeko Andra Mari eliza parean, gaur goizean emandako prentsaurrekoan, eman dituzte ezagutzera Berdeek, maiatzaren 27ko udal hauteskundeetarako aurkeztutako lagunen izenak. Alderdi ekologistako kideak ez ezik, hainbat auzotarrek eta independenteek osatzen dute udalerrirako zerrenda. Pedro Gaminde alkategaiaren hitzetan, "indarrak bateratzea erabaki dugu hainbat gai errefusatzeko orduan bat gatozelako". Besteak beste, Getxo alderako urbanizazio plangintza "bideragaitza", Gobela erreka desbideratzeko lanak, sakeleko telefonoen antena kopuruaren "neurririk gabeko" hazkundea, Algortako Portu Zaharreko obrak, zaborren errausketa Zabalgarbin eta udal gaietan herritarren parte hartzea mespretxatzea jarri ditu adibidetzat hautagai independenteak. "Getxok sen onaren, iraunkortasunaren eta justizia sozialaren bidea aukeratu dezan, borroka ekologista eta solidario eredu bera ere dugu komunean", gaineratu du Gamindek. Argazkian, arriskuan egon litekeen baserri getxoztarra.

Jabi Iturregi auzotarrak, zerrendan hirugarrenak, aipatu hautes-zerrendaren garrantzia goraipatu du, "auzokideontzako garrantzizkoa delako udal erabaki esparruetara heltzea". Halaber, ordezkaritzarik erdiestekotan, eurei dagokienean herritarrei ere hitz egiteko aukera emango dietela agindu du honek, "etorkizunean, Getxorakoa bezalako egitasmo sasi-sozialak oztopatzeko modurik egokiena delako". 8.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko planak "sustatzaile eta eraikuntza enpresei baino ez die meserik egingo", Iturregiren hitzetan.

EBrekin zerikusirik ez

Bere aldetik, Jon Hurtado Getxoko Berdeen arduradun eta foru hauteskundeetarako Busturia-Uribeko ordezkariak argi utzi nahi izan du ez dutela "inondik inora" zerikusirik Ezker Batuarekin. Alderdi ekologistak behin baino gehiagotan egotzi dio EBri "Berdeak" goitizena "neurrigabe erabiltzea". EAEn Berdeak dira Espainiako Verdes eta European Greens izeneko alderdien barruan dauden bakarrak, eurek esandakoaren arabera. Bestalde, Getxotik haratago, "indarrak batzeko premia" nabarmendu du Hurtadok. "Getxon bizi dugun espekulazio urbanistikoa ez da zoritxarrez salbuezpena. Bakio edo Mutikuk araua dela adierazten dute", azaldu du. Ildo horretan, "zinegotzi ekologisten sarea" osatzera deitu du Berdeetako ordezkariak; baita horretarako European Greens alderdiko laguntza eta babesa izango dutela aipatu ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun