Igandean Bizkargi Egunera joatera deitu du Uribe Kostako AAMk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 3a, 22:04

Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe.org bitakoraren bidez deitu ditu eskualdeko bizilagunak Larrabetzuko larreetara hurbiltzera, igandean, hilak 6, Bizkargi mendian "atzo, gaurko eta biharko gudarien omenez" lelopean ospatuko den Bizkargi Egunaren harira. Mendian, egun osoan zehar, trikitilariak, txosnak, ogitartekoak, kafea, jai giroa eta musika izango da. Gainera, 13:00etan txalaparta emanaldiaren ostean, ekitaldi politikoa burutuko da, "bidean eroritakoei" omenaldia tartean eta bertsolarien parte hartzearekin. Bestalde, arratsaldean Larrabetzun, 19:30ean manifestazioa egingo da eta ondoren ekitaldi politikoa eta preso ohiei egindako omenaldia. 20:00etan erromeria hasiko da Arizgoiti taldearekin. Horren inguruko informazioa eta lekukotasunak eskainiko ditu Koska irratiak bihar, ostirala, goizeko 10:30ean "Goizero, goizero" magazinean. Horretaz gain, Irratia.com-eko kidea den Patxi Gaztelumendi kazetaria, Berri Txarrak taldeko abeslaria eta Gasteizko Mariaren Lagunak elkarrizketatuko dituzte. Bestalde, "Omenaldirik onena, garaipena! Independentzia eta sozialismoa" lelopean, aurreko egunerako, larunbata, ekitaldi mordo antolatu dute Busturialde, Txorierri, Uribe-Butroi eta Durangaldeko gazteek. Horrela, goizeko 11:30ean, kanpin-denda hartuta eta trikitilarien doinupean, Larrabetzuko plazatik zein Gorozika eta Zornotzako herriko tabernetatik txangoa egingo dute mendi tontorreraino. Ordubiak aldera bazkaldu eta ondoren "Atzoko, gaurko eta biharko gudariak" hitzaldia entzuteko parada izango da. Geroago, herri kirolak, gudariei omenaldia, afaria eta kontzertua izango dira.

Bizkargi '07 gazte antolatzaileen oharra:

Zuok utzitako suak argitzen digu bidea, eta Euskal gazteok bide horretatik jarraituko dugu Independentzia eta sozialismoa lortu arte

Agur, agur eta ohore Bizkargin bezala, Solluben, Nafarroan... eta euskal mendietan bizia eman duzuen gudari guztioi. Agur, agur eta ohore Txabi Etxebarrietak hasi eta Euskal Herriaren askapen borrokan bizia eman duzuen guztioi. Ezin ahaztu hainbeste sufrimendu, neke, izerdi eta gogo. Ezin ahaztu estatuen krudelkeria bizi behar izan dutenak. Ezin ahaztu sarraski espetxeetan aurkitzen direnak. Gazteok ahazten ez dugulako gaude gaur hemen.

Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka belaunaldiz belaunaldi eta eskuz, esku joan da transmititzen historian zehar. Estatu zapaltzaileen erasoaldiek borrokarako prest dagoen herria izaten behartu gaitu. Euskal herria mendeetan zehar kapaz izan da herri erantzuna artikulatu eta sasoian sasoi erantzun bat emateko. Argi ikus genezake Orreagan, karlistadetan, gerra zibilean zein azkeneko hamarkadetan sasi artean emandako erantzuna.

Gazteok argi dugu borroka dela bide bakarra. Asko dira Euskal Herriaren luze eta zabalean borrokan diharduten gazteak. Gure Arbasoek ereindako haziaren fruitua batzeko borrokan dihardutenak, independentzia eta sozialismoa helburu duen proiektua gauzatzeko borrokan gabiltzanak. Eta hori izan beharko da etorkizunera begira gure erronketako bat: garaipena lortu arte gazte borrokalari berriak antolakuntza eta borrokaren ibilbide honetara lotzea.

Argi izan behar dugu antolakuntzak eta borrokak ekarri gaituela gaur bizi dugun egoerara. Askatasuna inoiz baino hurbilago eta gauzagarriago ikusten dugun une honetara. Borrokak ekarri bagaitu hona, konpromesuak eta militantziak eramango gaitu sozialismora. Gazte belaunaldiak argi erakusten gabiltza konpromesu atzeraezinak hartuak ditugula herri honen askapen borrokarekin.

Iragana gogoratzeak etorkizuna aurreikustea dakarrelako. Gaur Busturialde, Txorierri, Uribe-Butroi eta Durangaldeko gazteok Euskal Herriko gazte guztioi Maiatzak 5ean Bizkargira hurbiltzeko deia luzatzen dizuegu. Borrokan eroritako gudariei gure omenaldirik beroena sor diegulako.eta Atzoko borroka omentzean biharko garaipena hurbilduko digulakoan. Irudika dezagun gazteok egun batez hainbeste heriotz ekarri dizkigun Euskal Herri askea.

Beste gabe Zuok utzitako suak argitzen digu bidea, eta Euskal gazteok bide horretatik jarraituko dugu Independentzia eta sozialismoa lortu arte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun