UKDigitala komunikabideak zabaldutakoaren arabera, EB-Aralar, EA, PSE-EE, Eusko Abertzale Ekintza (EAE) eta Abertzale Sozialisten (AS) Bizkaiko hainbat hautes zerrendaren aurka salaketa jartzea aztertzen ari da PP, tartean Uribe Kosta eskualdeko hainbat daudela, Berdintasunaren Legea betetzen ez dutela argudiatuta. Antonio Basagoiti Bilboko popularren hautagaiaren hitzetan, "horietan, bost izeneko puskatan ez dira hiru gizon eta bi emakume, ala alderantziz, agertzen. Bestela, ez dute sexu bakoitzeko %40ko gutxienekoa betetzen". Gurera etorrita, Berangoko Abertzale Sozialistak (BAS) eta EB-Aralar, Erandioko PSE-EE eta EB, Getxoko EAE, Leioako Abertzale Sozialistak (LAS) eta Sopelako EAE taldeen aurka egitea proposatzen dute popularrek. Hala ere, Basagoitik emandako argudioa aintzat hartuta, alderdi berangoztarrek baino ez lukete izango arazorik; PPko buruak "Batasunatzat" jotzen dituen hautes-zerrendak eta Getxoko EAE inpugnatu dituztela ahaztuta, noski. Argazkian, Antonio Basagoiti.