EHUko Bizkaiko campuseko Errektoreordetzak "Unibertsitatea Tipi-tapa osasunez" ibilaldiaren laugarren edizioa antolatu du iganderako, maiatzak 6. Ibilaldia oinez egingo da, ez da lehiaketa izango eta mundu guztiari irekita dago, helburua unibertsitatea gizartera hurbiltzea baita, zehaztu dutenez. Hortaz, ibilbideak (13 kilometrokoa luzea, eta 6,5ekoa laburra 10 urtetik beherako umeentzat) Bilbon eta Leioa-Erandion dauden ikastegiak lotuko ditu, bertako ingurunea ezagutaraziz. Hain zuzen, ibilaldia goizeko 9:30ean hasiko da Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan, Elkano 21 kalean (ibilbide laburrerako 9:45ean Zazpi Kaleetako EuskoTreneko geltokian edo 10:00etan Sondikako EuskoTreneko geltokian) eta hiru bat ordu beranduago bukatuko da Leioa eta Erandioko campuseko kiroldegian. Hortik doako autobus zerbitzua egongo da 12:30etik 14:30ak arte, Astrabuduako metro geltokiraino. Argazkian, iazko Tipi-tapan 1.600 pertsonek hartu zuten parte.