Ildo beretik, Arruek "onartezintzat" jo zuen "udaletxetik gurasoak derrigortzea" eta guraso etorkinen euskararen aldeko esperientziak biltzen dituen "Etorkizuna euskaraz dator" liburuxka "guztiok ahaztu ditugun garaiak gogorazten digu" esatera ailegatu zen.
Baina, bere hitzek izango duten interpretazioagatik kezkatuta edo, Getxoko PPren alkategaik ondokoa zehaztu zuen: "gero ez diezagutela esan PPkook ez dugula gure hizkuntza maite. Euskara gure hizkuntza da, kultur ondarea da eta gauza guztien gainetik defendatzen dugu. Baina ez dugu nahi tresna politikoa bihur dezaten". Ondoren, Arruek azaldu zuen euskara defendatzeko PPk duen estrategia: "hautatzeko berdintasuna egotea defendatzen dugu".
Aurreko kanpainak aipagai
Baina, Getxoko PPk ez zuen aurtengo kanpaina kasu isolatutzat gisa jo. Eskumako alderdiaren arabera, Euskara Zerbitzuak "hainbatetan egin du irrist" azken lau urteotan. Bi kasu aipagarrienak jarri zituzten mahai gainean: 2005eko udan "pin batekin Getxoko euskaldunak xakitu nahi zuen kanpaina" eta 2004ko neguan "Habla en cristiano" erakusketako iragarki batean Irlandesas eskolako uniformea jantzita zeraman Afrika Bibang eta Asier Hormaza belauniko agertzea. Azken argazki horrek, Arruerentzat, "A ereduko ikasleak makurtzen zituen".
Hiru kanpainen atzean, popularren iritziz, "A eredua etorkizuneko eredu gisa hautatzen duten getxoztarren kaltean manipulatzen dute hizkuntza".