Afrika kontinentea sakon ezagutzeko ikastaroa antolatu du EHUk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 7a, 20:24

EHUko Nazioarteko Ikasketen Katedrak maiatzaren 14tik 17ra honako ikastaro hau antolatu du: “Africa: Historia, Politica, Economia y Sociedad”. Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan (Elkano 21) izango da. Ikastaroaren helburua da Afrika kontinentea sakon ezagutaraztea eta hitzaldiek osatuko dute. Hitzaldietan aukera izango da aditu eta ikerlari ezagunek egingo dituzten eztabaida irekietan izateko. Izena emateko azken eguna ostirala (hilak 11) izango da. Informazio gehiago nahi izatekotan 946 012 303 telefono zenbakia, 946 013 583 fax zenbakia eta ceinik(a bildua)lg.ehu.es e-posta jarri dituzte. Argazkian, Erandio eta Leioako campuserako sarrera nagusia.

Lehenengo saioa maiatzaren 14an, astelehenean, izango da, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Alicia Campos irakaslearen eskutik. Saharaz Hegoaldeko Afrikako ibilbide historiko garaikideei buruzko hitzaldia emango du. Campos irakasleak Afrika kontinenteko ibilbide politikoak ikertuko ditu ikuspuntu historiko zabaletik begiratuta eta kontinenteak munduko dinamiketan izandako integrazioari arreta berezia eskainiz. Gaur egungo Afrikako egoeretan dauden tokian tokiko prozesu sozialen eta konexio transnazionalen arteko harremanei erreparatuko die.

Ikastaroko bigarren saioa maiatzaren 15ean, asteartean, izango da, “Sistemas y estructuras politicas en el continente africano” izenburupean eta Basilea-Suitza unibertsitateko Mbuji Kabunda irakasleak parte hartuko du bertan. Irakasle horrek azalduko du Afrikako egitura politikoetan kolonialismo aurreko, kolonialismoko eta kolonialismo ondorengo dimentsioak bateratzen dira, kontinenteari bere bereizgarritasuna emanez. “1960tik aurrera Afrikako sistema politikoek hiru etapa izan dituzte: mendebaldeko alderdi aniztasuna (1960-64), alderdi bakarra (1965/1980-90) eta demokrazia liberala (1990-2007). Afrikan deskolonizazio faltsuaren ondoren etorri dira neokolonialismoa (forma ezberdinetan) eta neoliberalismoa eta estatuen deskonposizio politikoa eta ekonomikoa ekarri dute. Kanpotik bultzatzen ari diren demokraziaranzko bidea zailtasun handiekin ari da aurrera egiten, demokratizazio politikoari lehentasuna ematen baitzaio demokratizazio ekonomiko eta sozialaren kalterako”.

Etorkizunari begira

Ikastaroko hirugarren saioa maiatzaren 16an, asteazkenean, izango da, Atlantico-Costa de Marfil Unibertsitateko Aliou Mane irakaslearen eskutik. Hau izango du izenburua: “Las economias africanas en un mundo global”. Irakasle horrek azalduko du Afrika munduko ekonomian sartzea zergatik ez den garrantzitsua. “Egin berri diren aurrerapenak ez dira nahikoa pobreziaren aurka egiteko. Gaur egungo krisiak erakusten du egonkortasun finantzarioa eta garapen jasangarria gauzatzeko honako baldintza hauek beharrezkoak direla: zentzuzko politika ekonomikoak, ondasun publiko eta pribatuen kudeaketan gardentasun handiagoa, segurtasun ekonomikoa sustatzeko banku sistema eraginkor eta zaindua. Sektore pribatu dinamikoa eta nepotismo eta ustelkeria deuseztatzea. Mundializazioari eman behar zaion erantzunak kolektiboa izan behar du nahitaez, ez indibiduala. Horretarako, politikoek munduko merkataritza sistema berrian integratutako kontinente mailako komunitate ekonomikoa abian jartzea aintzat hartu behar dute.”

Ikastaroaren amaierako ekitaldia maiatzaren 17an, ostegunean, izango da Bartzelonako unibertsitateko Ferran Iniesta irakaslearen eskutik. Iniestak honako hitzaldi hau eskainiko du: “Sociedad y Cultura. Cosmovisiones africanas del mundo”. Bere hitzaldian Afrikan eredu modernoak izan duen porrota azalduko du. “Arrazoia ez da soilik ekonomikoa edo politikoa, biekin du zerikusia: Afrikak mundua eta existentzia ulertzeko duen modua parametro aurrerakoi eta indibidualistetatik urrunen dagoen ikuspuntua da. Aldaketa historikoen ibilbidea luzea izan arren, Afrikako beltzen gizarteak bere kosmozentrismoa mantentzen du, baita izaera jerarkikoa ere eta ondorioz, L. Dumont-ek esango lukeen bezala, jardunbide holista edo sare babesleak. Mundua eta bertako izakiak era integratu eta anitzean bizita, dualismo modernizanteak lurra jotzen du erakunde politiko eta formula ekonomiko gisa: hori dela eta, Afrikako estatuak agintari tradizionalekin hitzarmenak egiten saiatzen dira.”
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun