Abertzale Sozialistak (AS) izeneko 246 hautesle elkarteek gaur aurkeztu dituzte babes eskeko helegiteak Espainiako Auzitegi Konstituzionalean,
Berria.info webguneak jakinarazi duenez. Horrek ostegunean gauerdira arteko epea du erabaki bat hartzeko, hau da, hauteskunde kanpaina hasi bitartekoa. Auzitegi Gorenak larunbatean baliogabetutako Eusko Abertzale Ekintza (EAE) alderdiaren beste 133 zerrendei dagokionez, denbora gehiago daukate helegiteak sartzeko: 20 egun (asteburuak salbu). Izan ere, Auzitegi Gorenak Alderdien Legea erabilita hartu du EAEren gaineko erabakia eta ez Hauteskunde Legea erabilita. Bitartean, asteazken honetarako (maiatzak 9), kontzentrazioak deitu ditu ezker abertzaleak, "Prozesu eta hauteskunde demokratikoen alde, ilegalizazioei aurre egin!" lelopean. Besteak beste, Getxo udalerrian bi elkarretaratze egingo dira: bata Areetako Xake plazan eta bestea Algortako Telletxen. Leioan, berriz, Boulevardean egingo dute, PSE-EEko egoitzaren aurrean. Guztiak izango dira 20:00etan. Argazkian,
Getxoko Abertzale Sozialistek joan den apirilaren 26an
egindako ekitaldia.