Hamabost kirol taldek ordezkatuko dute Getxo

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mai. 9a, 20:34

Guztira, 15 taldek eta 12 ikastetxetako gurasoen elkartek (IGE) sinatu dute gaur Getxo Kirolak udal erakundearekin, Getxo "markarekin" bat egiteko hitzarmena, "udalerrian kirol jarduera bateratua sortu aldera", tokiko arduradunen hitzetan. Beste 6 kirol elkartek ere egin lezakete bat laster. Getxo "kirol marka", Udalak "herriko talde federatuak indartzeko eta euren irudia kanpoan sustatzeko proposatutako bereizgarria da, eskoletan kirola sustatzeko ezinbesteko tresna izateaz gain", Iñaki Zarraoa alkateak azaldutakoaren arabera. "Euskadin aitzindaria den ekimena da eta Getxon kirola antolatzeko era berria ekarriko du, Eusko Jaurlaritzaren Kirolaren Legeak finkatutako irizpideei jarraiki, kirola elementu hezitzaile legez, aisialdirako, dibertitzeko eta adiskidetasuna bizteko erabili aldera”, nabarmendu du udal agintariak. Argazkian, udal arduradunak eta talde eta IGEen ordezkariak gaurko agerralduan / Getxo.net.

Taldeek, IGEek eta Getxo Kirolek adostutako hitzarmenean jasotzen denez, gizonezkoen futbolarekin batera herrian egiten diren kirol garrantzitsuenak diren talde hauek, “Getxo” izena bereganatuko dute, kirol bakoitzaren bereizgarria izango den irudia, eta, gehienek, euren betiko jantziak utzi eta Udalaren kolore korporatiboa, gorria, izango duten kirol-jantziak jantziko dituzte aurrerantzean. Hartara, Udalak 67.330 euro inguru bideratu ditu jantzi berriak erosteko. Egitasmoarekin bat egin duten taldeetatik bostek -txirrindulari, saskibaloi, pilota, rugby eta nesken futbolak- ez dute kolore korporatiboa eramango zenbait gorabehera dela-eta, baina bereizgarriren bat eramango dute.

Ikasleei begira

Ekimena Lehen Hezkuntzako 1. eta 6. mailetako ikasleei dago bideratuta. Kirol taldeek, beren aldetik, 2007/2008an sortuko diren udal Kirol Eskoletan hartu beharko dute parte (Lehen Hezkuntzako 3. mailatik aurrera), 8 urtetik gorako eskola umeek kirola egin dezaten, baita kirol anitzeko jardueran ere, umeen artean lehiakorra ez den kirola sustatzeko. Eskolatik behin irtendakoak gazte hauek kirol federatua egiteko aukera izango dute. Aurten 1.111 gazte izango dira taldeen babespean, eta horietatik 426 ikastetxeetakoak dira.

Guzman Aranaga Getxo Kirolen arduradunak proiektuaren "garrantzia" nabarmendu du ere, honi esker “kirol bateratua, antolatua, parte-hartzailea, lehiakorra ez dena eta herritarren esanetara egongo dena egin ahal izango dugu”. IGEak ere pozarren agertu dira ideiarekin “gure seme-alaben heziketan oso garrantzi handia duelako”, beren ordezkari Paloma Serranok nabarmendu duenez. Taldeen izenean, Dimas Ramos ere Getxo markarekin ados agertu da eta, era berean, “taldeen eta Getxo Kirolen arteko harreman sendoa berreskuratzea” eskatu du.

Taldeak

Markarekin bat egin duten taldeak honako hauek dira: Getxo Rugby Taldea, Getxo Saski Baloia, Getxo Arraun, Piraguismo Getxo, Punta Galea Txirrindulari Elkartea, Romo Eskubaloia, Getxo Aixerrota Boleibol, Getxo Hockey Taldea, Fadura Tenis Elkartea, Padel Aixerrota, Getxo Igeriketa Taldea/Waterpolo Fadura, Getxo Atletismo Taldea, Getxoko Euskal Pilota, Getxo Surf Taldea y el Bizkerre Futbol Taldeko neskak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun