Ingurumen gelak 2007-2008ko ikasturte berriarekin batera zabalduko ditu ateak, gehien bat eskolakoei egongo delako bideratuta. Gela Cespa enpresak kudeatuko du. Gaur egun udalerrian kale garbiketaren, sastarrak batzearen eta transfer instalazioaren ustiatze zerbitzuaz arduratzen da. Enpresa honek maila desberdinetako ikasleentzako eta antolatutako taldeentzako eguneroko bisitaldi programa osatuko du, baita gainontzeko herritarrentzat ere. Gela urte osoan egongo da zabalik, jaiegun berezietan izan ezik.
Hiru atal
Hiru sailetan egongo da banatuta ingurumen aretoa. Lehenengoan, Getxo udalerriko biodibertsitatea erakutsiko du, ikuspegi orokorra emanez eta udalerrian diren hiru ekosistemak ardatz nagusi hartuz: landazabal atlantikoa (baserri aldea eta bertako basotxoak) ; kostaldea (Galeako itsaslabarrak, hondartzak eta Portu Zaharra) ; eta Bolueko hezegunea (landareak eta fauna). Gai hauek erreporje moduan eta horma irudi handiekin egongo dira azalduta. Halaber, lorategi botanikoa izango da, Getxo eta inguruko landare eta fauna ezagunenak jasoko dituela.
Bigarren arlo batean, erakusketa izango da laguntza didaktikoa eskaintzeko eta hondakinen arazoa, uraren kudeaketa, energia, aztarna ekologikoa eta Agenda 21 bezalako gaiak aztertzea ahalbidetuko duena. Parte hartzea sustatuko du erakusketak eta dibertigarria izango da aldi berean, eta horretarako informatika programak sortu dituzte olgetan ikasten laguntzeko. Jolas eta eskulanen heziketa tailerra izango du eta baita erakusketa gelatxoa Udalak ingurumenari lotuta bultzaturiko jarduera guztiak jasotzeko.
Jolas gunea da hirugarrena eta herritarren gozamenerako eta aisialdirako ingurua izango da. Umeentzako jokoak, picnic mahaiak, komunak, eta abar edukiko ditu bisitari guztiak elkartzeko eta gozatzeko gunea izango dela.