Hitzarmena lau urterako sinatu dute eta bertan jasotzen denez, Getxoko Udalak konpromisoa hartzen du Garapenerako Lankidetzaren udal arloko aurrekontuaren %10 bi erakunde publikoek batera adostutako egitasmoetara bideratzea. Akordioaren helburua da, “herri horren garapenerako bidean laguntza ematea, udal kudeaketarekin zerikusia duten proiektuak gauzatzeko beharrezkoak diren baliabideak emanez”, Imanol Landa zinegotziak azaldutakoaren arabera. Zentzu honetan, bakarra ez den arren, Getxo da Tipitapara baliabide gehien bidaltzen duen euskal udalerria. Hain zuzen ere, Getxoko herritarrek 2002-2007 urte artean Nikaraguako herri horri emandako diru laguntza 290.688 eurokoa da. Diru laguntza horiek bideratu dira, besteak beste, honako egitasmo hauetara: diagnosia egiteko eta udal garapenerako planetara; zerga bilketa indartzera, berriro inbertitzeko; udalerri barruko garraioa hobetzeko programara; eta udal planifikazioa eta ingurumena eta tokiko arriskuaren gestioarako gaitasunak indartzera. Gehienak amaituta daude honez gero.
Beste hainbat egitasmo
2007ko proiektuari dagokionez, orain onartu dela, Turin Ordonez auzoan euriak drainatzeko lanak egingo dira. Landak azaldutakoaren arabera, “auzoa herriko beheko arro batean dago eta bertan sarri izaten dira uholdeak. Hauen eraginez errepide eta bideak hondatu egiten dira eta ur lohiak pilatzen dira, herritarrentzako gaitz iturri direla. Proiektuak egoera hori konpondu nahi du”. Azkenik, Landak ontzat jotzen du Euskal Fondoarekin duen lankidetza lerroa udal politikak garatu aldera, beste leku batzuetan ere beste egitasmo batzuk burutu ahal izan dituelako, esate batera, Smarako uilayan, Tindoufeko saharauien errefuxiatu guneetan, bertan iaz Emakumeen Etxea altxatzen lagundu ahal izan zuelako.