Egun Txorimalo gaztetxea dagoen etxea okupatzeagatik abiatutako prozesu juridikoa 2006ko otsailean abiatu zen, etxeko jabearen ekimenez. Orduan skuat gisa erabiltzen zuten gazte drogazaleak, baina, alde egin zuten eta 2006ko apirilean Algortako Gazte Asanbladak lekua okupatu eta Txorimalo gaztetxea sortu zuen. Etxean aldaketa horiek eman badira ere, Getxoko 5. Instrukzio Epaitegirako gauzak ez dira aldatu eta gaur goizean gazteei behin eta berriro drogazaleak ote diren, desintoxikazio zentroren batean egon diren edota droga uzteko laguntza profesionala behar duten galdetu diete. Kasu guztietan ezetza izan da erantzuna.
Algortako Gazte Asanbladako kideek auziak hartzen duen norabideari so eta adi egotera deitu dute, bertatik Txorimalo gaztetxearen aurkako desalojo agindua etor daitekeelako. Dena den, berriki Txorimaloko kideek gogoratu bezala auzi hau ez da "irekita dagoen epaiketa bakarra", izan ere, Algortako Mentxakabarriren inguruan sei gazte daude auziperatuta, haietako batzuk milaka euroko fidantza ordaindu behar izan dutenak eta Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituak izateko arriskuan egon zirenak, horretarako bidea Txorimaloko ustezko kideek izango duten epaile berak eman zuela. Era berean, Burdinola gaztetxeagatik pertsona bat dago epaiketaren zain.
